Jon Larrañaga: "Herritarren sostengua izugarri antzematen dute arraunlariek"

Enara Ariznabarreta 2026ko ekainaren 24a

Jon Larrañaga, Getariako gizonen traineruaren entrenatzailea. (Enara Ariznabarreta)

2019. urtetik da Jon Larrañaga (Getaria, 1983) Getariako gizonen traineruaren entrenatzaile. Aurten ere, 'Esperantza'-koak gogotsu eta irrikitan daude Eusko Label ligari ekiteko.

Egun batzuk besterik ez dira geratzen Eusko Label liga hasteko. Zer sentipenekin iritsiko da taldea denboraldi hasierara?

Sentsazio onekin eta gogoarekin dago talde osoa. Hainbeste lan egin ondoren eta lehen estropadak gerturatu ahala, urduritasuna nagusitzen da, baina prestatuta gaude. Urduri, baina prest.

Nola joan da denboraldiaurrea?

Ondo joan da denboraldiaurrea. Denetik izan dugu, estropada onak eta estropada txarrak. Arraunketari dagokionez, nik uste dut hasieratik, joan den urtetik, bereizi gaituen ezaugarria izan dela arraunketa finko bat izatea. Horrek lasaitasun puntu bat eman digu, eta estropadetan ere igarri da hori.

Buitrago del Lozoyan, Madrilen, hasiko duzue liga, etxetik urruti.

Eremua ez dugu ezagutzen, ez dakigu han zer aurkituko dugun, eta hori ez zaigu asko gustatzen, ez dugu ezkutatzeko beharrik. Egin beharreko bidaia ez da gure gustukoa, eta han zer aurkituko dugun ez jakiteak ere ez dizkigu gauzak errazten. Horiek horrela izanda ere, ordea, beste edozein estropada bat balitz bezala bizi dugu, eta gertatzen dena gertatu, aurrera jarraituko dugu.

Lehen estropada, eta Euskal Herritik kanpo...

Horrek ostirala jai hartu beharra esan nahi du, hau da, haraino joan behar garela, eta buruhauste gehiago eragiten dizkigula horrelako irteera batek: bidaia antolatu behar da, hotelak eta kontu hori guztia. Gainera, han ezarri dituzten murrizketekin dena zailagoa da, izan ere, ezingo dugu nahi dugun bezala entrenatu. Gauza txikiak dira, baina garrantzitsuak. Eragozpen horiek alde batera utzita, taldeak arraun egiteko ez du arazorik, beste estropada bat izango da.

Liga ondo hasteak zenbateko garrantzia izaten du?

Taldea gogotsu ikusten dut lehen estropadari begira. Liga hasteko irrikitan gaude, estropadaren eguna iristeko gogoz amorratzen. Sailkapenean atzean ez gelditzea garrantzitsua da; izan ere, bestela, zalantzak etortzen dira. Hasiera ona egiteak liga aurrera joan ahala iristen joango diren probak gainditzeko lasaitasuna ematen du. Hasiera txarra izanez gero, beti izaten da urduritasun puntu bat. Ez dakit zenbat urte daramatzagun ligan, baina oraindik ez dugu hasiera txarrik izan. Nahi ez bezalako bi urte bai, izan genituen, eta horri buelta ematea zaila izan zen. Gauzak nahi bezala ateratzen ez direnean, arraunlariek buru jan handia izaten dute. Hortik ateratzeko beharrezkoa da pazientzia izatea eta norberak egin duen lanean sinistea. Oraingoz, ondo goaz, eta datorrenari aurre egiteko prest gaude.

Iaz seigarren amaitu zenuten. Aurten zein izango litzateke emaitza ona?

Beti esan izan dut Getaria Eusko Label ligan ikustea emaitza ona dela. Urtez urte maila horretan lehiatzea eta trainerua ateratzea bera primerako emaitzak dira, ez dugu besterik. Arraunlariak eta kirolariak garen heinean, beti saiatuko gara irabazten. Gure helburua sailkapenaren lehen postuetan ibiltzea eta emaitza onak lortzea da. Emaitza denak dira onak, eta datorren urtean txalupa uretan ikusten badugu, hori ere ona izango da.

Ba al duzu egutegian bereziki markatutako estropadarik?

Ez, ez dugu halakorik, oso erregularrak izatea nahi dugu. Etxeko estropadarako eta Kontxarako gogoz egoten gara, baina estropada bakoitza desberdina da, eta eremuak ere ez dira berdinak izaten. Etxeko estropada da gehien gustatzen zaiguna, baina beste estropada guztiak bezalakoxea da. Egia da eremu horretan entrenatzen dugula eta ondo ezagutzen dugula; Getariako eremuak zailtasunak baditu, eta alde da hori. Baina traineru guztiei gauza bera gertatzen zaie beren eremuekin. Ez da mimoz prestatzen den zerbait, baina agian, bai gogoz.

Iazko taldearekiko aldaketarik ba al duzue?

Bai, aldaketa batzuk izan ditugu taldean. Iaz Donostiarra etorri zitzaigun laguntzera eta trainerua uretan edukitzera. Handik etorritako arraunlarietako bat gurekin gelditu da, eta besteek, normala denez, Donostiara itzuli behar izan dute. Horrez gain, beste alta bat eta pare bat baja ere izan ditugu. Garrantzitsuena, hau da, traineruaren bizkarrezurra, betikoa da: Getariako arraunlari gazteak. Fitxaketarik ez dugu egiten, beraz, dagoenarekin aurrera egin behar.

Nolakoa da talde barruko giroa ligaren atarian?

Taldeko giroa beti da oso ona. Zortzi urte daramatzat lanean eta ez daukat kexarik. Elkarrekin zoragarri moldatzen dira, kuadrillakoak izango balira bezalaxe, eta horrek dena errazago egiten du. Taldekide gehienak getariarrak dira, oso erraza da hemengo arraun egiteko modua, eta giroa paregabea da.

Zein dira, zehazki, taldeari jarri dizkiozun helburu nagusiak?

Arraunean egitea eta neguan erakutsi dugun arraunketa hori datozen estropadetan azaleratzea da jarri dizkiedan helburu nagusiak. Zaila izaten da, urduritasunarengatik, baina neguan egin duguna egiten badugu eta arraunketa horri heltzen badiogu, nik uste dut ez dugula arazorik izango eta pila bat gozatuko dugula.

Garaipenarekin amesten al duzue?

Garaipenarekin beti amesten dugu, bestela ez ginateke entrenatuko. Kirolariak gara eta gure helburu bakarra irabaztea da. Irabaztea, ordea, oso zaila edota ezinezkoa izango da. Behin irabazi genuen, eta badakigu zer gertatu zen orduan. Amets hura berriz bete dezakegu? Ea hala den.

Irabaziz gero, zer?

Ez dakit. Irabazi genuenean alde egin nuen, berandu zelako, baina izugarrizko festa egon omen zen. Larunbatean irabazten baduzu desberdina izaten da; izan ere, hurrengo egunean ere estropada izaten duzu. Ez dakit zer egingo nukeen: agian, alde egingo nuke, edo agian, xanpaina ireki.

Herritarren babesa garrantzitsua da, ezta?

Herritarren sostengua izugarri antzematen dute arraunlariek. Herritik pasatu eta entrenamenduak ikusten zenbat jende egoten den ikustea, izugarria da. Horretarako egiten dugu arraun, gure herria gutaz harro egoteko, eta zaleek gurekin ondo pasatzeko. Getariaren izena goian mantentzen badugu, dena irabazita dugu, eta ez dago horrrek baino gehiago balio duen banderarik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide