Arraunari eragiteko prest dira getariarrak

Urtzi Oteiza eta Maddi Txintxurreta 2026ko ekainaren 21a

Datorren asteburutik aurrera ligan lehiatuko den arraunlarien taldeak herritarren animoak jaso ditu gaur. Urtero legez, traineruaren eta eskifaiaren aurkezpena egin du Getariako Arraun Elkarteak.

Denboraldia hasteko astebete eskas falta dutenean, Getariako Arraun Elkarteak Eusko Label ligan ariko den trainerua eta eskifaia aurkezteko baliatu du igande beroa. Frontoian egin dute ekitaldia, eta zaletu ugari agertu da arraunlariei animoak ematera eta Esperantzari kantu egitera.

Ekitaldiaren hasieran, neguan lan aparta egin duten klubeko gaztetxoak agertu dira jendaurrera, eta atzetik, datorren larunbatetik aurrera lehen mailan jokatuko duen eskifaia aurkeztu dute aurten 50. urteurrena ospatzen ari diren arraun elkarteko kideek. Azaldu dutenez, aurreko denboraldietan erakutsi duten martxa onari eusteko asmotan dira mutilak, eta sailkapenaren goiko postuetan ibili nahi dute aurtengo estropadetan ere.

Neguko lanetan aldarte ona erakutsi dutela ziurtatu dute elkarteko kideek, eta getariarrek Madrilgo Erkidegoko Buitrago de Lozoya herrian jokatuko duten erlojupekoan izango dute indartsu daudela erakusteko lehenengo aukera, larunbatean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide