Euskal Jaiaz gozatzen ari dira gaur getariarrak, atzo arratsalde-iluntzeari jarraipena emanez, Gure Txeruko dantzari txikiek eta helduek emanaldi bana eskaini baitzuten atzo festari hasiera emateko –esteka honetan ikus daitezke bi emanaldietako argazkiak–.
Gaur ere ildo beretik jarraitu du festak, hau da, musika eta dantza protagonista hartuta. Txistulariak izan dira kalejira egiten aurrenak 09:00ak aldera, eta musika eskolako trikitilarien eta pandero-joleen nahiz Enbilen Pepitak panderisten txanda izan da gero. Horiek denek hamaiketakoa egin dute ondoren Berdura Plazan, eta bitartean, Inpernupeko joaldunak eta musika eskolako trikitilari haurrak kalez kale ibili dira alde zaharrean eta plazan.
Eguerdian hasi da dantzaldia Eingo taldearekin, eta nahi zuenak irrintzia botatzeko aukera eduki du han bertan, mikroak zabalik jarri baitituzte horretarako.
Gaztetxeak antolatuta herri bazkaria egin dute Harritarten, eta arratsaldean ere izango da zer gozatua plaza eta frontoi inguruan. Honakoa da egitaraua:
- 18:00. II. Etxeko Memoriala. Bertso pilota lehiaketa, frontoian.
- 22:00. Erromeria Bide Batez taldearekin, plazan.
- 00:00. Festa Gaztetxean.