Gure Txeruko dantza taldeko partaideek emanaldia eskaintzen diote urtero herriari. Arratsalde partean haurrak eta gaztetxoak ateratzen dira jendaurrera, eta gauean, helduak. Euskal Jaiaren bueltan izaten da ekitaldia, eta aurtengoa atzo, ostirala, ospatu zuten.
18:00etan kalejiran abiatu ziren Kale Nagusitik frontoirantz ia 80 haur eta gaztetxo, HH 5. mailatik hasi eta DBH 2. mailara arteko dantzariak. Euskal dantzak eskaini zituzten ordubete inguruko saioan, eta herritarren txalo zaparradak jaso zituzten. Baita gaueko saioko dantzariek ere. 22:00etan hasi zen helduen emanaldia. 50 lagun inguru atera ziren herritarren aurrera, eta haiek estilo askotako piezak eskaini zituzten, baina batez ere euskal dantza izan zen, musika modernoak lagunduta.
Bai arratsaldean, bai gauean, zuzeneko musika egon zen: txistulariak, musika eskolako kideak eta musika bandakoak aritu ziren dantzariekin batera.
Antolatzaileak gustura gelditu dira saioekin, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete herriko ostalariei, eman duten laguntzagatik.
Helduen emanaldiko argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.
Gaur, Euskal Jaia
Atzo dantza eta musika izan ziren protagonista, eta gaur, Euskal Jaia, ildo beretik hasiko da eguna. Honakoa da gaurko Getarian prestatu duten egitaraua:
- 09:00. Txistulariak abiatuko dira.
- 10:00. Musika Eskolako trikitilariak eta pandero-joleak eta Enbilen Pepitak panderistak izango dira.
- 11:30. Inpernupeko joaldunak eta musika eskolako trikitilari haurrak kalez kale ibiliko dira alde zaharrean eta plazan.
- 12:30etik aurrera. Dantzaldia Eingo taldearekin.
- Bitartean, irrintziak botatzeko mikrofono irekia eta Larrain dantzak.
- 13:00. Poteo girotua, herrian zehar.
- 14:30. Herri bazkaria, Harritarten.
- Jarraian, bazkalondo girotua.
- 18:00. II. Etxeko Memoriala. Bertso pilota lehiaketa, frontoian.
- 22:00. Erromeria Bide Batez taldearekin, plazan.
- 00:00. Ffesta Gaztetxean.