Getariako udalbatzak ohiko bilkura egin zuen atzo arratsaldean, eta puntu guztiak aho batez onartu zituzten bi alderdiek, udal gobernuan dagoen EH Bilduk eta oposizioan dagoen EAJk.
Bi gai nagusi landu zituzten, biak etxebizitzari lotutakoak. Batetik, alokairuaren araudia aldatzeko proposamenaz aritu ziren. Udalak 2021ean onartu zuen 18 eta 35 urte bitarteko gazteei etxebizitzak alokatzeko dirulaguntzak emateko ordenantza, eta Haritz Alberdi alkateak azaldu zuen herria eremu tentsionatu bihurtzeko ekintza plana egin dutenean, ondorioztatu dutela "alokairuaren araudiari buelta bat" eman behar zitzaiola gazte horiek herriko etxebizitzetara sartzeko aukera izan zezaten. "Horren harira, EAJk proposamen bat aurkeztu zuen, eta batzordean adostasuna lortu da bi alderdien artean", nabarmendu zuen.
Ordenantzan egingo dituzten aldaketen puntu nagusiak Eneko Miralles EH Bilduko zinegotziak azaldu zituen, eta horiek udala egiten ari den beste hainbat esku hartzeren ildoan kokatu zituen: Eskualtxetako etxeak, HAPO berria, ordenantza fiskaletan hartutako neurriak, etab. Ordenantzan egingo dituzten aldaketei dagokienez, batetik udalaren dirulaguntzak bateragarri eta osagarri jarriko dituzte Gaztelagun eta Emantzipa laguntzekin; hilabeteko gehieneko laguntza 250 eurotik 300 eurora igoko da; laguntza jaso dezaketen pertsonen gehieneko errenta ere igo egin dute, eskatzaile bakarra denean 28.000 eurotik 32.000 eurora, eta eskatzaileak bat baino gehiago diren kasuan, gehienekoa 46.403 euroan zehaztu dute; azkenik, laguntza horiek jasotzeko gutxieneko errolda bost urtetik hiru urtera murriztu dute.
Bi alderdiak ados
Neurri hauek eta udalak hartutako beste hainbat "norabide berean" kokatzen direla azpimarratu zuen Mirallesek, ez direla neurri isolatuak esan zuen, eta helburu argia dutela; "getariarrek herrian bizitzen jarraitzeko aukerak indartzea". EAJrekin adostutako proposmen hau "urrats garrantzitsua" dela esan zuen "alokairuan bizi diren getariarren egoera arintzeko eta gazteen emantzipazioa errazteko".
Iosu Mujika EAJren bozeramaileak hartu zuen hitza segidan, eta esan zuen "Mirallesen azken esaldiarekin bat" egiten zuela. Bere alderdiak egindako proposamenen laburpena Mirallesek ondo azaldu zuela esan zuen. "Guztiz ados gaude egin dugun elkarlanaren emaitzarekin".
Aho batez onartuta gelditu zen puntu hori.
Ostalaritza lizentzia berriak, etenda
Bozkatutako beste puntu nagusiak ere, esan bezala, lotura du herritarren etxebizitza beharrekin. Zehazki, Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriaren barruan, lizentziak eteteko ebazpen proposamena bozkatu eta onartu zuten, hori ere aho batez.
Izan ere, HAPO berriaren lanketan jaso dute turismo ostatuen araubidea modu ordenatuan aztertu eta erabakiak hartzea, eta alkateak azaldu zuen erabaki horrekin Getariako Udalak urtebetez etengo dituela ostatu eta turismo ostatu erabileretarako lizentzia berriak; hau da, ez da lizentzia berririk emango ostatu erabilpenera bideratuta dauden eskaerei.
Alberdik kontatu zuen lehendik ere udalak mugak jarriak zizkiola etxebizitza turistikoei, eta horri esker "azken urteetako etxebizitza turistikoen eskaeraren gorakadari aurre egin" ahal izan diotela Getarian. Udalak hartutako zenbait neurri gogorarazi zituen: etxebizitza horiek etxebizitza huts kontsideratzen hasi, eta haiei zegokien %100eko errekargua ezartzen diela, adibidez.
Erabaki berri honen helburua "etxebizitza arruntak babestea" dela esan zuen alkateak, baita "herritarren etxebizitza beharrei erantzutea eta turismo presioaren eragina mugatzea" ere.
Datu batzuk ere eman zituen: Getarian 42 establezimendu daude eta 527 plaza turistiko ditu identifikatuta udalak.
Baxoa euskaraz egitearen aldeko mozioa
Atzoko bilkuran beste hainbat gai ere bozkatu zituzten, tartean 2026ko Baxoaren azterketak euskaraz pasatzearen aldeko sostengu mozioa. Aho batez onartu zuten mozioa bi alderdiek, baita bake epaile lanetan Joseba Fuentes Etxegoienek jarraitzea ere.