Gastronomiaz haratago, kirolari ere tartea egin diote asteburu honetan Getarian jokatu duten Antxoa Egunean. Hala, atzo arratsaldean zesta punta desafioa jokatu zuten Getariako Sahatsaga kiroldegian, emakumeen zein gizonen partida banarekin.
Emakumeen partidak eman zion hasiera arratsaldeko kirol jarduerari. Elaia Gogenola eta Frida Watkins zumaiarra, Helena Barrenetxea eta Eneritz Lizardiren aurka aritu ziren. Bigarren bikotea izan zen irabazlea, bi jokotan nagusitu eta gero (15-9, 15-11).
Bigarren partidan, gizonen desafioan, Johan Sorozabal eta Thibault Basque lapurtarren eta Aritz Erkiaga eta Unai Lekerikabeaskoa Lekerika bizkaitarren arteko partida ikusi ahal izan zen. Emakumeen kasuan ez bezala, hemengoan berdinketa hausteko joko laburra jokatu behar izan zuten, eta azkenean lapurtarrak izan ziren irabazleak.
Partidaren amaieran, sari banaketa ekitaldian, erretiratu berri den Imanol Lopez puntista zumaiarra omendu zuten; Getariako herriarekin duen harremana dela medio, txapela oparitu zioten.