Getariako garbiketa publikoa hobetzeko proposamenak egin ditu EAJk

Maddi Txintxurreta 2026ko apirilaren 30a

Zaborra, edukiontzien kanpoan pilatuta. (Getariako EAJ)

Getaria garbiago egon dadin, paperontzi gehiago jartzea, edukiontziak maizago hustea eta hondakin gehien pilatzen diren eremuetako garbiketa indartzea proposatu du EAJk.

Getariako EAJk ziurtatu du herritarrak kezkatuta daudela zenbait edukiontziren inguruan pilatzen den zaborrarekin eta, oro har, eremutan antzematen duten garbitasun faltak ematen duen "irudi axolagabearekin", horregatik, garbiketa publikoa hobetzeko zenbait neurri proposatu ditu. Zehazki, paperontzi gehiago jartzea, edukiontziak maizago hustea eta hondakin gehien pilatzen diren eremuetako garbiketa indartzea galdegin du udalean erregistratu duen eskaeraren bitartez.

"Getaria garbiago, zainduago eta udarako hobeto prestatuta egon dadin", neurri sorta bat proposatu dio EAJk Udal Gobernuari. Horien artean, arazo handienak sortzen dituzten edukiontziak maizago hustea eskatu du, bereziki Alde Zaharrekoak. Eremu horietan, halaber, paperontzi gehiago jartzea proposatu du, hondakinak ez daitezen lurrean pilatu. Gainera, hondakinak biltzeko puntuen garbiketa eta kontrola indartu behar direla iritzi du, edukiontzietatik kanpo zaborra pilatu ez dadin. 

EAJk nabarmendu duenez, zaborra edukiontzietatik kanpo egoteak kaleko katuak eta kaioak erakartzen ditu, "bide publikoa are gehiago zikinduz". "Horrek, Getariaren irudiari eragiteaz gain, osasun publikorako eta herritarren bizikidetzarako arriskua ere badakar", ohartarazi du.

Turismoaren eraginez udako hilabeteetan garbitasun arazoa "larriagotu" egiten dela gogoratu dute jeltzaleek, horregatik, proposatutako neurriak "berehala" aplika ditzala eskatu dio Udal Gobernuari.





Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide