Getarian ere egin dute Martxoaren 8arekin lotutako aldarrikapen ekintza. Kasu honetan, arratsaldean egin dute, Getariako Gazte Asanbladak deituta. 18:00etarako jarri dute hitzordua, udaletxe aurrean, eta ekintzan parte hartu duten gazteak Sistema zapaltzailearen aurka emakumeok borroka! leloa zeraman pankarta zabaldu dute.
Ekitaldiaren amaieran egindako irakurketan salatu dute emakumeak zapalduta bizi direla, eta zapalkuntza horrek aurpegi desberdinak dituela, gordinena indarkeria matxista izanik. Hala ere, ekintza deitu dutenen arabera, zapalkuntza indarkeria matxistatik haratago doa. "Emakumeak dira aitortu gabeko lanaren bidez mundua sostengatzen dutenak. Lanaldi bikoitza egiten dutenak, soldatapeko lanaz gain etxeaz eta bertan bizi diren persona guztiez arduratzen direnak. Zaintza lanan karga osua damakienak", azpimarratu dute.
Emakumeek soldata arrakala eta lan baldintza okerrenak pairatzen dituztela ere azaldu dute. "Lan sektore feminizatuak dira baldintza txarrenak dituztenak eta egoera zaurgarrienean dauden emakumeak dira hauetan jarduten dutenak", ondorioztatu dute.
Kezkagarritzat jo dute, baita ere, azken garaian zabaltzen ari diren iritzi matxistak. Matxismoari aurre egiteko ezinbestekoa ikusten dute kultura matxistarekin amaitzea. Baita ere beharrezkotzat jotzen dute berdintasunean oinarritutako heziketa eta erreferente femeninoak ikusaraztea. "Ikusten ez dena, ez da existitzen. Eta existitzen ez dena, ezin da amestu", adierazi dute.
Martxoaren 8ko egunak izan duen bilakaera ere kritikatu dute. Haien esanetan, emakume izatea "folkore bihurtu da eta borroka izaera oro alboratzen duen" eguna bilakatu da Martxoaren 8a. Gazte Asanbladako kideen arabera, argi dute "ez dagoela ezer ospatzeko eta emakumeen aurkako zapalkuntza ezin dela inoiz izan instituzioek aurpegia zuritzeko erabiliko duten zerbait. Eta gutxiago onura ekonomikoak ateatzekoa. Borroka eguna da. Lortutako eskubide guztiak borrokaren bidez irabazi dira, eta borrokaren bidez defendatuko ditugu".
Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotutako ekintzen jarraipena izan dute Iturzaeta aretoan. Bertan izan da Samira Badran Palestinako zinema zuzendaria, Palestina animatua egitasmoaren barruan.