Martxoaren 8a

Getariako Udalak Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala plazaratu du

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 8a

Getariako udaletxea, argi moreekin argiztatua. (Getariako Udala)

Gaur Martxoak 8 da, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Getariako Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du egun horren harira. 

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrarekin duen konpromisoa "irmoki" berretsi du Getariako Udalak. Printzipio demokratiko hori "ukaezina" dela azpimarratu du, baita "gizarte justu, aske eta kohesionatu baten funtsezko zutabea" ere.

Udalak esan du "mugimendu antifeminista baten goraldian" dagoela gizartea gaur egun, "diskurtso erreakzionario eta misoginoetan adierazten dena", hain justu. Hori ez ezik, narratiba horiek "oinarrizko konkistak zalantzan jartzea, nahasmendua sortzea eta indarkeria matxistaren existentzia deslegitimatzea" bilatzen dutela gaineratu du. "Diskurtso antifeministak erasoaldi politiko eta kolektiboki antolatua osatzen dute, eta eztabaida publikoan ezin dira beste iritzi bat bezala onartu", gehitu du.

Gainera, berdintasunaren defentsa ez dela aukera bat azpimarratu du, ezta ideologia bat ere: "giza eskubide unibertsala da, aitortua eta babestua. Hamarkadetan kolektiboki borrokatuz eta lan eginez lortu duten eskubidea da emakumeek, mugimendu feministak, erakundeek eta pertsona aliatuek, batez ere, diskriminazioa desagerrarazteko, askatasunak zabaltzeko eta guztientzako aukerak bermatzeko".

Halaber, udalak "berdintasunean hezten duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea" aldarrikatu du; baita indarkeria matxistaren biktimak eta bizirik atera direnak "aintzat hartzen, laguntzen eta entzuten dituena" ere. Izan ere, "ozen eta garbi" esan du "berdintasunik gabe ez dagoela erabateko demokraziarik, eta indarkeria matxista desagerrarazi gabe, ez dagoela guztiontzako askatasunik".

Martxoaren 8an, euskal udalek dei egin die herritar eta erakunde guztiei "batuta eta elkartuta irmo" egon daitezen, "lortutako eskubideak defendatzeko eta, atzera pausurik gabe, berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egiten jarraitzeko", zehazki. Horregatik, Getariako Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

  • Udalerri eta eskualdeetan taldeak sor daitezen sustatzea, diskurtso misogino eta antifeministei aurre egiteko eta informazio faltsuen hedapena desaktibatzen laguntzeko.
  • Tokiko eremutik lehentasunezko kolektiboekin esku hartzea, haien jarrera antifeministak eta maskulinitate toxikoak desmuntatzeko.
  • Erresistentzia aliantzak sustatzea talde feminista eta tokiko beste eragileekin, jarrera antifeministak identifikatzeko eta eteteko bizikidetza espazioetan eta komunitate birtualetan.
  • Baliabideak eta egiturak zaintzea eta babestea, udalerrian berdintasunpolitikek aurrera egiten jarrai dezaten.

Hori horrela izanda, udalak dei egin die herritarrei gaur, Martxoaren 8aren harira, herriz herri antolatzen diren deialdi eta aldarrikapenekin bat egin dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide