Elan Euskadik, Getariako Udalarekin elkarlanean, ekintza interesgarri bezain garrantzitsua antolatu du Emakumeen Nazioarteko Egunerako. Hain zuzen ere, Palestina Animada kolektiboko zazpi artista eta zinemagileren animaziozko film laburrak emango dituzte Martxoaren 8an, Iturzaeta herri eskolako aretoan. Emanaldia 18:45ean hasiko da, eta sarrera doakoa izango da herritar guztientzat. Gainera, proiekzioen ostean, solasaldia egingo dute kolektiboko kide den Samira Badran artistarekin batera.
Guztira zazpi film labur proiektatuko dituzte Iturzaetako aretoan. Lehenak Haneen Korazek eta haren zinema tailerreko ikasleek sortutako Egun bat kanpadendan eta Amonak akitu gintuen izango dira; ondoren, Ahmad Salehen Gaua emango dute; jarraian, Jana Kattanen Checkpoint proiektatuko dute; gero, Samira Badranen Lurraren memoria; Sheeren Abdelkarimen Orratzaren zulotik filmak emango dio jarraipena saioari; eta Amal Nakhalehen Mugarik gabe filmarekin amaituko dute ekitaldia.
Zer da, ordea, Palestina Animada kolektiboa, eta nork osatzen du talde hori? Palestina Animada animaziozko artista eta zinemagile palestinarrek osatzen duten kolektiboa da. 23 artista dira, hain justu, taldearen parte, baina tartean badira norvegiar jatorriko Mats Grorud nahiz italiar jatorriko Stefano Savona zinemagileak ere.
Iazko martxoan Kantabrian (Espainia) –Santanderreko Filmotekan eta Cabezon de la Saleko kultur etxean– estreinaldia egin zuenetik, Palestina Animada jaialdiak hainbat emanaldi eskaini ditu munduan zehar, besteak beste, Norvegian, Portugalen, Italian, Eslovenian, Frantzian, Mexikon eta Argentinan.
Kolektiboaren helburua ere garbia da. "Palestinako genozidioaren izugarrikeria horren barruan, herritarren begirada eta ahots guztiak ateratzea eta Palestinaz ikuspegi bakoitzetik hitz egitea da asmoa", kontatu du Angeles Cabria kolektiboko kide eta aktibistak. Beste helburu bat dirua biltzea dela azaldu du. "Izan ere, artista horiek egile eskubideak uzten dituzte film hauetarako, biltzen ditugun funts guztiak, erakundeetakoak zein leihatilakoak, Gazan bizirik dirauten artistentzat izan daitezen".
Gonbidatu berezia
Martxoaren 8an Getarian egingo duten erakustaldiaren ostean, herritarrek solasaldi batez gozatzeko aukera ere izango dute. Hain zuzen ere, kolektiboko kide den Samira Badran artistaren bisita jasoko du herriak.
1954. urtean Libian jaioa, gaur egun Bartzelonan bizi den artista bisuala da Badran. Hainbat teknikarekin esperimentatzea du gustuko, besteak beste, argazkilaritza, pintura eta animazioa lantzen ditu. 2017. urtean estreinatu zuen Memory of land (Lurraren memoria), Palestinako egiturazko indarkeriari eta okupazio militarrari buruzko hausnarketa egiten duen film laburra. Proiektu horri esker, gainera, film esperimental onenaren saria irabazi zuen 2018. urteko Nazra Palestine Film Festival jaialdian.
Badran Palestina Animada kolektiboko kidea ere bada. "Oso garrantzitsua zen Zisjordanian, Gazan eta diasporan dauden palestinarren istorio hauek azaleratzea. Filmek Palestinako errealitatea azaltzen dute, Israelen okupazio militar eta kolonialistaren pean. Minaren, galeraren, memoria kolektiboaren, gorputzaren eta lurraldearen zatiketaren istorioak dira, baina baita erresistentziarenak, erresilientziarenak eta umorearenak ere. Umorea diot, hori erresistentzia ere badelako".
Bere obran, zehazki, hiru geografia aztertuko ditu: gorputzaren geografia, banatutako lurraren geografia eta geografia emozionala. Artea eta kultura erresistentzia egiteko tresna gisa ulertzen ditu hark; belaunaldiz belaunaldi istorio pertsonal eta kolektiboak kontatzeko modu bat bezala, hain justu. "Guk ere badugu gure historia kontatzeko eta elkarrizketa sortzeko eskubidea", esan du Badranek.
Getarian eskainiko duen solasaldiaren helburua "elkarrizketa sortzea" dela azpimarratu du artistak. "Jendeak gogoeta eta kritika egin dezala, eta palestinarren historiari buruz ikertu eta irakurri dezala. Nire ustetan, oso istorio ulerterraza da: 1948an egindako okupazio baten ondorio guztiak jasaten ari gara. Izan ere, 850.000 palestinar etxetik bota dituzte, eta dena galdu dute. Errefuxiatu belaunaldi asko ditugu, egun osoan bidegabekeria hori jasaten ari direnak. Orduan, nik uste dut hitz egiteko nahikoa arrazoi badagoela, eta guk eskatzen dugun bakarra jendea kontzientziatzea da".
Palestina Animada kolektiboa osatzen dutenen hitzak ere jaso ditu Elan Euskadik: "Palestinak sortutako eta Palestinari buruzko arte animatuaren askotariko adierazpenak ikusleria zabal batengana iristen laguntzea da gure nahia. Palestinar herriaren genozidioaren erdian, artistak komunitate bezala elkartzeko beharra sentitu dugu, gure arteko harreman eta loturak sendotzeko eta erbesteak sortutako hausturei eta okupazioak eragindako banaketei aurre egiteko modu bat eraikiz. Talde hau osatzen dugun artista bakoitzaren iritziek ez dute zertan talde ikuspegia adierazi; artista bakoitzaren baitan sortu den eta hark adierazitako iritzia norberarena besterik ez da".
Halaber, Elaneko kideek azpimarratu dute palestinar zuzendari guztiek baimena eman dutela beren filmak jendaurrean proiekta daitezen, baldintza bakar batekin: proiekzioetan jasotako dirua Gazako genozidiotik bizirik atera diren zuzendarientzat eta haien familientzat izan dadila.
Martxoaren 8an, Getarian
Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Iturzaeta herri eskolako aretoa palestinar kulturaren eta ondarearen erakusleiho bilakatuko da: emakume palestinar artisten ahotsetan eta irudietan, Gazan, eta oro har, Palestinan bizi duten egoeraz ikasteko aukera izango da. Haiek kontatutako istorioak izango dira erdigunean, bitartekaririk gabe.
Sarrera doakoa izango da, baina borondatezko ekarpena egiteko aukera ere izango dute herritarrek, sarreran jarriko duten ontzian. Artistek eskatu bezala, jasotako dirua Gazan bizi diren palestinar zinemagileei bideratuko diete.