Martxoaren 8ko aldarrikapenak kultur kutsua izango du aurten Getarian

Onintza Lete Arrieta 2026ko otsailaren 20a

Artxiboko irudian, Getariako plazan Martxoaren 8ko pankartak. (Guka)

Dantza kantujira, herri afaria, film laburren emanaldia eta kontzertua antolatu dituzte Getariako Ahalduntze Taldeak, udalak eta Elan-Euskadik martxoaren 7tik 14ra. Film laburrak Palestinako emakume zinemagileek zuzendutakoak dira, eta haietako bat herrian bertan izango da, solasaldia eskaintzeko. 

Martxoaren 8ko egitaraua prest dute Getarian. Udalak, Elan-Euskadik eta Getariako Ahalduntze Taldeak antolatuta, kultur kutsua izango du aurten Emakumeen Nazioarteko Egunak. Martxoaren 7tik 14ra, izan ere, dantza kantujira, herri afaria, film laburren emanaldia eta kontzertua antolatu dituzte. 

Herri afarirako txartelak atzotik salgai daude Turismo Bulegoan 15 euroan, eta martxoaren 2an amaituko da horiek eskuratzeko epea. 

Film laburrei dagokienez, Palestina animatua izena jarri diote, palestinar emakume zinemagileek zuzendutako animaziozko film laburrak emango dituztelako. Ondoren solasaldia egingo dute, eta Samira Badran palestinar zuzendariak parte hartuko du bertan. 

Honakoa da Martxoaren 8ko egitaraua:

  • Martxoak 7, larunbata: 
    • 19:00. Dantza kantujira.
    • 21:30. Herri afaria Berdura Plazan. 

  • Martxoak 8, igandea:
    • 18:45. Palestina animatua film laburren emanaldia, Iturzaeta aretoan. Ondoren, solasaldia Samira Badranekin. 

  • Martxoak 14, larunbata:
    • 19:00. Ondarrutar emakumeen Unanue Kamara Korala abesbatzaren emanaldia, elizan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide