Albistegia

Kale inkesta: Nola eragiten die getariarrei kostako errepidea sarritan ixteak?

Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre 2026ko otsailaren 5a

Azken boladan sarri samar itxi dute kostako N-634 errepidea denborale abisuengatik, eta horri buruzko iritziak eman dituzte Getariako alkateak eta zenbait herritar eta ostalarik, azken horiek kale inkestari erantzunez. 

Mendia alde batean, itsasoa bestean. Getariak postaletarako irudi asko eskaintzen ditu, bai Zarautz aldera begira jarrita, bai errepidea hartu eta Zumaiarantz abiatuta. Paisaiaren ederrak badu alde iluna ere, ordea. Natura natura da, eta aldian-aldian, Zarautz eta Zumaia lotzen dituen kostako N-634 errepidea itxi egin behar izaten dute izan luiziengatik, izan itsasoak errepidean egiten dituen zuloengatik. Azken boladan, batez ere denborale iragarpenengatik ibili dira agintariak errepidea itxi eta ireki.

Errepidea ixteak bereziki getariarrei eragiten die, herritik irteteko alternatiba bakarrarekin gelditzen direlako, Meagako bidearekin: aldapatsua, bihurgunez betea, eta estua.

Naturaren eta gizakien beharrizanen arteko oreka bilatzea beharrezkoa da, beraz. Haritz Alberdi Getariako alkateak askotan eman ditu azalpenak gaiari buruz, eta Gukaren galderei erantzunez, nabarmendu nahi izan du kostako errepideari perspektibarekin begiratu behar zaiola eta azken urteetan "hobekuntza" asko egin dizkiotela erakundeek. "Perspektibarekin begiratezn badugu, konturatuko gara orain ez urte asko sarritan ixten zela errepidea, bereziki mendialdea erortzen zelako. Luiziengatik egun luzez egoten zen itxita. Azken urteetan esku hartze ugari eta egokiak egin dira egoera hori hobetzeko. Mendialdea asko egonkortu dute, eta gaur egun, hori ez da arazo". Aldiz, arazoa itsasoa bihurtu dela azaldu du Alberdik. "Errepidea ixten da marea goian egon eta itsaso handia dagoenean, momentu puntual batzuetan olatuen indarrak horretara behartzen gaituelako, eta azken urteetan pare bat aldiz gertatu da itsasoak errepide azpia jan eta zuloa eragin izana". Alkateak jakinarazi du prebentzio lana egiteko asmoa dutela erakundeek, arazoari "aurre hartuz".

"Kontuan izan behar dira jasangarritasun ekologikoa nahiz ekonomikoa" 
Haritz Alberdi
Getariako alkatea

Bestalde, eguraldi iragarpenen arabera errepidea ixteari ondo deritzo Alberdik: "Garaiz abisatzen da gaur egun, eta herritarrek horren arabera hartzen dituzte erabakiak. Gainera, Lurraldebusek lanzaderak jartzen ditu errepidea ixten denetik ordu erdira [Meagatik egiteko joan-etorriak], eta errepide horretan ere hobekuntzak egin dira". Zehaztu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan izan direla Meagako errepide zati hori hobetzeko helburuarekin, eta hain zuzen, uda honetan txukundu dituztela bide ertzak errepidea pixka bat zabalduz, baita asfalto berezia bota ere: "Uste dut bide horrek dezente irabazi duela esku hartze honekin, eta hala adierazi diogu aldundiari berari", esan du Alberdik.

Irtenbidea, zaila

Errepidearen gaiaz getariarrei galdezka ibili da Guka, eta sei herritarren iritziak bildu ditu. Kostako errepidea itxi beharrik ez izateko konponbideaz galdetuta, esaterako, herritar batek uste du soluzioa mendi zati bat kentzea dela eta horma bat jartzea errepide ondoan, menditik eror daitekeena horma horren kontra gelditzeko. "Dena konpon liteke, baina dirua behar", iritzi dio. Uste berekoak dira beste bi herritar ere; dirua aipatu dute denek eragozpen nagusitzat.

Meagako errepidea zabaltzea ere aipatu dute konponbidearen parte gisa, baina gaur egun ezinezkoa dela uste dute, "mahastiak errepideraino iristen direlako".

Herriko alkateak, berriz, uste du diruaz gain badela kontuan hartu beharreko faktore gehiago ere: "Jasangarritasunaren kontzeptua barneratuta dugula uste dut, eta kasu honetan kontuan hartu behar direla jasangarritasun ekologikoa eta ekonomikoa. Orekari begiratu behar zaio, oso momentu puntualetako arazo bati halako makro obra batekin erantzutea milioika euro kostatzen delako".

"Errepidea ixteak kaltea eragiten digu, baina ez dauka konponbide errazik" 
Axut Etxegoien
Giroa jatetxeko jabea

Ostalaritzan eragina

Getariak postaletarako irudi asko eskaintzen ditu, baita turista asko erakarri ere, eta errepidea ixteak herritar guztiei eragiten dien arren, ostalariak bete-betean harrapatzen ditu. Hala kontatu diote Gukari Giroa eta Kaia-Kaipe jatetxeetako Axut Etxegoienek eta Joel Mullerrek.

"Errepidea ixteak egiten digu kalte, jende gutxiago etortzen delako; Zarautzen edo Zumaian gelditzen dira", esan du Etxegoienek. Mullerrek ere azaldu du halakoetan jendeak bertan behera uzten dituela erreserbak, baina "urterokoa" dela esan du, eta normaltasunaren barruan sartu du.

Arazoari konponbide magikorik ez diote ikusten bi ostalari horiek, "itsasoa ezin delako kontrolatu". Gainera, Mullerrek uste du Meagako bidea ondo dagoela "zabaldu dutenetik". Etxegoienek, berriz, "ingurunea zaintzea" garrantzitsua dela uste du, baina gainerakoan, "konponbide handirik ez" dio ikusten gaiari.

Alde positiboa

Bestalde, galdeketan parte hartu duten herriko hiru erretiratuek onartu dute beraiei ez diela askorik eragiten kostako N-634 errepidearen egoerak, ez direlako askorik ateratzen herritik, eta lanera joan beharrik ez dutenez, presarik gabe mugi daitezkeelako autobusez. Hori bai, autobusen arteko lotura "hobea" eskatu du horietako batek. Beste biek azpimarratu dute Meagako bidea "txar-txarra" dagoela. Alde onak ere ikusten dizkiote errepidea ixteari. Horietako bat, izan ere, errepidearen inguruan bizi da, eta "isiltasuna eta lasaitasuna" sentitzen ditu ibilgailuak errepidetik desagertzen direnean.

Gazte batek ere aurkitu dio alde ona noizbehinka errepidea ixteari: "Donostiara joateko zenbat eta zailtasun gehiago egon, etxeekin espekluatzeko orduan eta arrisku gutxiago". Horregatik, uste du "konponbide batzuk etorkizunean herriarentzat kaltegarriak" izan daitezkeela, eta horretaz hausnartu beharko litzatekeela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide