Albistegia

Getariako ahuakatea, etxeetatik hurbil

Urtzi Oteiza eta Maddi Txintxurreta 2026ko urtarrilaren 29a

Duela lau urte ernetako proiektuaren emaitzak jasotzen ari dira Agurtzane Subijana eta Asier Larrañaga. 800 ahuakate zuhaitz landatu zituzten Getariako Eguzkitza baserriko lurretan, eta lan eskerga egin ostean, pasa den abenduan hasi ziren lehenengo aleak biltzen. Meaga auzoko etxaldean urteak daramatzate txerrikiekin nahiz baratzeko produktuekin lanean, baina Subijanak eta Larrañagak urrats berri bat egin dute, eta aitzindariak izan dira jatorri amerikarreko zuhaitzak Euskal Herrian landatzen. Orain, zero kilometroko Ondu ahuakateak erosteko aukera eskaini diete herritarrei.

Lurra bakarrik ez, burua ere airatzeak lagundu dezake lehen sektoreak arnasa har dezan. Getariako Eguzkitza baserrian ahuakateak landatzeko ideia izan zuen Agurtzane Subijanak (Getaria, 1988), eta Asier Larrañagarekin (Aizarnazabal, 1984) batera sartutako zuhaitzen aleak jasotzen ari da orain. Erraz esaten da, baina jakina da lehen sektorean presak ez duela agintzen, eta asmo bat ereitetik emaitza jaso arteko bidea luzea eta neketsua izan ohi da.

Subijanaren gurasoek erortzear zela erosi eta biziberritu zuten Meaga auzoko baserria 1980ko hamarkadan, eta hemezortzi urte dira Artadia familia-enpresan Ezkurtxerri markako txerrikiekin lanean ari direla, betiere baratzeko salgaiekin batera. Eta garai batean ganadutarako erabiltzen zuten lursail bat sasitzaz libratu eta atzera ere nola aprobetxatu zezaketen pentsatzea izan zen Ondu ahuakateen proiektua sortzeko abiapuntua. "Nekazaritzaren mundua beti gustatu zait, eta pentsatu nuen zerbait egiteko momentua zela. Aukera desberdinetan pentsatzen aritu nintzen, eta Asturiasko [Espainia] ahuakateen proiektu baten berri izan nuen. Bitxia iruditu zitzaidan, eta kuriosistatea piztu zitzaidan jakiteko hemen ere, Euskal Herrian, ahuakate horiek egokituko ote liratekeen", oroitu du Subijanak. Kuriositateak galderak ekarri ohi ditu, eta behar adina informazio bildu eta formakuntza jaso ostean, egiaztatu zuen Eguzkitzan ahuakateak landatzeko "dena aldeko" zuela, beraz, ideia hark ireki zion "mundu berri batera" sartu ziren Agurtzane Subijana eta Asier Larrañaga.

2022an jarri zuten martxan Ondu ahuakateen proiektua, eta hasiera ez zen erraza izan. "Ezjakintasuna zen nagusi, eta egun txar asko izan genituen. Euskal Herrian ez genuen erreferentziarik, dena berria zen. Kostatu zitzaigun, baina esfortzu eta lan askorekin, martxan jarri genuen proiektua", agertu du Larrañagak.

800 zuhaitz, fruituz josita

Auzolanean, lagunen eta familiakoen laguntzarekin, egin zituzten landaketak, eta fruituz jositako 800 zuhaitz dituzte egun Eguzkitzan. Paisaia bakana da Euskal Herrian, ahuakateak Mesoamerikan baitu jatorria. Hala ere, klima aldaketaren eraginez, "gero eta errazagoa da ahuakateak hemen bizitzea", ziurtatu du Larrañagak. "Baina baditu arazo batzuk -gaineratu du-: Luzea da hemengo negua, hezetasun asko dago, eta urritik martxora arte euri asko egiten du, batzuetan gehiegi zuhaitz hauentzat". Hori dela eta, ura drainatzeko prestatu dituzte lursailak, zuhaitzek ahalik eta gutxien sufri dezaten.

2025eko abenduaren hasieran ekin zioten lehen fruitu aleak jasotzeari. Berez, urtarrilean biltzen hastea litzateke normalena, "baina udazkena nahiko epela izan da, horregatik, hilabete eta erdi aurreratu" zuten bilketa, Subijanak zehaztu duenez. Uzta oparoa izaten ari dira, esker onekoa baita ahuakatea: 10-15 kilo bildu dituzte zuhaitzeko, eta 20 kilo ematera ere iritsi dira batzuk. Beste abantaila bat ere badu fruitu honek: zuhaitzetik askatzean heltzen dira, beraz, gutxika biltzeko aukera ematen du, usteltzeko arriskurik gabe. Gainera, zuhaitzak artean gazteak direnez, datozen urteetan gehiago emango dute. Hala ere, kimaketa lanak egin beharko dituzte, arbolak hamar metrotik gorako altuera har baitezake bere horretan utziz gero.

800 ahuakate landatu dituzte Eguzkitza baserrian, eta zuhaitzeko 10-15 kilo fruitu bildu dituzte

Hiru barietate dituzte Eguzkitzako lursailean. Zuhaitz gehienak (%90) Hass barietatekoak dira; berau da ezagunena merkatuan: azal zimurtsua du, berdea biltzen denean, eta moretzera jotzen du heltzerakoan. Fuerte eta Bacon dira lantzen dituzten gainontzeko bi barietateak. "Gomendatu ziguten zuhaitzen %10 inguru barietate hauetakoak izatea, polinizazioan laguntzen dutelako. Horiek ere fruitua ematen dute, besteak baino gutxiago, ale handiagoak direlako, baina egia da oso fruitu interesgarriak eta goxoak direla", esplikatu du Subijanak.

Lau urte "gogorren" ostean, emaitza esku artean izatea pozgarria da proiektuaren arduradunentzat. "Egun hori noiz iritsiko zain egon gara. Izan ere, egunero lanean aritu gara, baina beti izaten dira dudak, emango al duen, salmentak nola joango diren... Beraz, orain oso gustura gaude. Eta esan beharra dago jasotzen ari garen erantzuna espero genuena baino hobea izaten ari dela. Indar hori ondo etorriko zaigu lanean jarraitzeko, zalantzarik gabe", ospatu du Larrañagak.

Denda txikiak, aliatu

Azken urteetan nabarmen zabaldu da Euskal Herrian ahuakatea kontsumitzeko ohitura, baina egun bertako dendetan eta supermerkatuetan saltzen diren fruituek milaka kilometro egin behar izaten dituzte kontsumitzaileengana iristeko. Eguzkitzatik, hortaz, horrelako kostu ekologikorik gabeko ahuakatea eskaintzen dute, zero kilometrokoa, eta horrek garrantzi berezia du Ondu ahuakateen sortzaileentzat. "Ahuakateak merkaturatzeko bide laburrak lehenesten ditugu, gure produktua kontsumitzaileengana ahalik eta zuzenen irits dadin nahi dugu. Gure produktuei balioa emango dioten dendak zaintzen ari gara, bertako produktuak lantzen dituztenak", berretsi du. Halaber, Larrañagak aipatu duenez, orain arte Ondu ahuakateen bitartez tratua izan duten bezeroen aldetik "babes handia" jasotzen ari dira, eta gustura daude horrekin.

Hortaz, Getariako ahuakateak erosi nahi dituenak denda txikietan aurkituko ditu ziur aski, bertako produktuei garrantzia ematen dioten lekuetan. "Getaria inguruan hasi gara saltzen, baina Euskal Herri osoan interesa piztu du produktuak, eta denda txiki pila bat ari zaizkigu deika", esan du Subijanak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide