Getariako Udalak jakinarazi du kanal ofizialak zabaldu dituela bi sare sozialetan, "herritarrekiko komunikazioa hobetzeko". Zehazki, Whatsappeko Avisos izeneko chat-a eta Telegram kanala jarri ditu martxan.
Kanal horien bidez, udalaren informazio garrantzitsuena herritarrei "modu zuzen, azkar eta eraginkorrean helaraztea" da asmoa. "Tresna berri horien helburua da udaleko albisteak, oharrak, abisuak, zerbitzu aldaketak, ekitaldiak eta interes orokorreko informazioa herritarren sakelako telefonoetan zuzenean jasotzea, eguneroko komunikazioa erraztuz".
Udalak jakinarazi du kanal horiek noranzko bakarrekoak izango direla; alegia, udalak bidaliko ditu mezuak, eta herritarrek ezingo dute erantzunik bidali.
Herritarrak gonbidatu ditu kanal horiekin bat egitera, eta azaldu du doakoak direla eta edozein unetan eman daitekeela baja. Whatsapp-ekoa hau da, eta Telegramekoa, hau.
Eduki digitalen itzulpen automatikoa
Udalak gogorarazi du Telegram mezularitza aplikazioak mezuen aldi bereko itzulpena eskaintzen duela, eta horri esker, erabiltzaileek edukia beren hizkuntzan berehala ulertu ahal izango dutela.
Udalaren webguneak ere itzulpen sistema automatikoa baduela gaineratu du: "Getaria.eus webguneak adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako itzulpen-sistema automatikoa du, edukiak bost hizkuntzatan eskaintzeko: gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz".