Joan den astean zehar, Nao Santa Maria itsasontziaren erreplika ikusteko aukera izan dute dozenaka herritarrek Getarian. Aurrez, Donostian egon zen aipatutako itsasontzia, eta hasierako asmoa Galiziara joatea bazen ere, eguraldi txarragatik Getarian egin zuten geldialdia itsasontziak eta bertako tripulatzaileek. Astebeteko geldialdia eta gero, atzo atera zen Getariatik.
Nao Victoria fundazio andaluziarra dago itsasontzi horren kudeaketaren atzean. Irabazi asmorik gabeko elkarte horrek Nao Santa Maria itsasontziaren erreplika kudeatzeaz gain, fundazioaren izen bereko itsasontzia eta El Galeonen errepliken kudeaketaren ardura ere badu, eta hainbat eta hainbat ekintzetan parte hartzen dute. Horretaz gain, itsasontziak museo moduan dituzte antolatuta, horien istoria eta garaiko testuingurua ezagutzera emateko.
Getariako geldialdia duela sei hilabete hasitako Europa mailako bidaian koka daiteke. Momentuz, 25 portu bisitatu dituzte, hala nola Espainiakoak, Erresuma Batukoak, Frantziakoak eta Herbeheretakoak, eta orain Mediterranear itsaso aldera joatea dute helburu. Europakoaz gain, Mexikon eta Amerikako Estatu Batuetan ere bidaiak egindakoa da Getarian estreinekoz egon den itsasontzia.