Getariako Salbatore jaiak

Salbatoreetako "eraso larria" salatzeko elkarretaratze jendetsuan txutxu-mutxuak saihesteko eskatu dute

Onintza Lete Arrieta 2025ko abu. 8a, 22:30

Getarian gaur egin duten elkarretaratzeko une bat. (Onintza Lete Arrieta)

Txosnagunean egin dute erasoa salatzeko elkarretaratze isila, 21:00etan, eta Getariako Udalak bat egin du deialdiarekin. Aian ere elkarretaratzea egin dute, 22:00etan, Jaiak bai, erasorik ez lelopean; festetan murgilduta dira han ere.

Getarian Salbatore jaietan murgilduta daude, eta Txosna Batzordeak jakinarazi du atzo gauean emakume baten aurkako "eraso larri bat" izan zela herrian. Horregatik, elkarretaratzea deitu du 21:00etarako txosnagunean, eta jendetza elkartu da deialdiarekin bat eginez. Adin guztietako gizon-emakumez bete da gunea, eta hantxe izan dira udal ordezkariak ere. Getariako Udalak bat egin du, izan ere, elkarretaratzearekin.

Erasorik ez zioen pankartaren atzean ez ezik, aldamenetan ere jende ugari elkartu da, eta protesta isila egin dute hamar bat minutuz. Ondoren, Txosna Batzordeko bi kidek idatzi motz bat irakurri dute. Aurrena beren elkartasuna adierazi diote erasoa jaso duen emakumeari eta haren gertukoei, eta azpimarratu dute ez dutela inolako erasorik onartuko ez txosnagunean, ez beste inon. Erasoa "egiturazko indarkeria matxistaren barruan kokatu" dute, eta nabarmendu dute ez dela kasu isolatua.

Bukatzeko, eskaera argia egin diete herritarrei: "Egoeraren larritasuna ikusita, iruditzen zaigu norberaren ardura dela txutxu-mutxuak alde batera uztea eta errespetuz jokatzea".

Emakume baten salaketaren berri izan ostean, eraso sexisten kontrako protokoloa aktibatu du Txosna Batzordeak, eta elkarretaratzea deitzeaz gain, gaurko txosnetako egitaraua bertan behera uztea erabaki du, eta txosnarik ez dute zabalduko gaur gauean. Udalaren festa egitarauak, berriz, aurrera jarraitu du normaltasunez.

Aian ere elkarretaratzea

Aian ere festetan dira herritarrak, San Lorentzo eta San Donato jaiak ospatzen, eta Getariako erasoaren berri izan ondoren, gaur gauerako elkarretaratzea deitu dute. 22:00etan izan da bilkura plazan Jaiak bai, erasorik ez lelopean, eta han ere herritar askok egin du bat protestarekin.

(Argazkia: utzitakoa)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide