Getariako Salbatore jaiak

Eraso larri baten salaketa tarteko, Txosna Batzordeak elkarretaratzea deitu du gaur iluntzerako

Julene Frantzesena 2025ko abu. 8a, 16:12

Getaria.

Txosnagunean egingo dute erasoa salatzeko protesta, 21:00etan, eta Getariako Udalak bat egin du deialdiarekin. Batzordeak, halaber, bertan behera utzi du festa egitaraua eta gaur itxita izango dira txosnak.

Getariako Txosna Batzordeak jakinarazi duenez, atzo gauean "eraso larri bat" izan zen herrian. Salbatore jaietan murgilduta dira getariarrak astelehenaz geroztik, eta emakume baten salaketaren berri izan ostean, eraso sexisten kontrako protokoloa aktibatu du Txosna Batzordeak.

Hain zuzen ere, elkarretaratzea deitu du batzordeak gaur gauerako; 21:00etarako jarri du hitzordua, txosnagunean. Halaber, txosnak itxita izango dira gaur gauean, eta bertan behera utzi dute gune horretako egitaraua.

Getariako Udalak ere bat egin du Txosna Batzordeak gaur gauerako deitutako elkarretaratzearekin. Dena den, udalaren festa egitarauak aurrera jarraituko duela baieztatu dio Haritz Alberdi alkateak Gukari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide