Salbatore Bigarrena da gaur, abuztuak 7. Atzoko konpartsaren emanaldiaren ondotik, ez da atsedenik izan Getarian, eta festak gogotik ospatzen jarraitu du zenbaitek goizean goizetik.
Batik bat, haurrei eta gazteei zuzenduriko ekitaldiak izan dira gaur, horien artean, danborrada. Bi urtean behin antolatzen du Gure Txeruk. 17:00ak heltzerako abiatu da danborrada Balenciaga kaletik Musika Banda lagun zuela, eta Herrerietatik barrena heldu da Gudarien Enparantzara. Geldialdia egin dute han, eta getariar ugari gerturatu da etxeko txikienak danborrak astintzen ikustera. Elkano kalea hartu du gero danborradak, eta Artzapetik igaro ondoren, Kale Nagusian amaitu da emanaldia.
Jarraian, buruhandi eta erraldoien kalejirari hasiera eman diete, eta iluntze partean, berriz, musika emanaldiak izango dira: Elektrotxorongo elektrotxarangaren, GZR, Chuleria Joder eta Lehiotikan taldeen kontzertuak eta Proyecto X DJaren emanaldia txosnetan.