Zarautz jauregiaren eraberritze lana saritu du Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak

Onintza Lete Arrieta 2025ko eka. 20a, 15:01

Haritz Alberdi alkatea eta Jaione LarraƱaga zinegotzia, atzo Gasteizko Europa jauregian, sariarekin. (Getariako Udala)

Getariako Udalak, Jaurlaritzak eta aldundiak jaso dute aitortza Gasteizen egin duten sari banaketa ekitaldian, baita Vaumm arkitektura estudioak ere.

Getariako Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren aitorpena jaso dute udalak, Jaurlaritzak eta aldundiak Zarautz jauregiaren berreraikitze lanengatik, baita Vaumm arkitektura estudioak ere –apirilean jakinarazi zuen horrek jasoko zuela Birgaitze Onenaren Saria–. Udalak gogorarazi du 2020. urtean hartu zutela "eraikina elkarlanean birgaitzeko konpromisoa" hiru erakundeek. "Eta, hain zuzen, bertan egindako lan txukunak jaso du saria, esku-hartzean erakutsitako sentsibilitateagatik eta zehaztasunagatik, eta eraikin historikoaren berreraikitze-lanak begirada garaikide batekin sustatzeagatik".Jauregia zabalik dago iazko azarotik, eta udalak ate irekien saioak egin zituen orduan, eraikina herritarrei erakusteko, baita hura nola eraberritu duten azaltzeko ere.

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak urtero antolatzen duen sari banaketa ekitaldian jaso zuten aitortza Getariako Udaleko ordezkariek, atzo, Gasteizko Europa jauregian. Getariako Udalaren izenean Haritz Alberdi alkatea eta Jaione Larrañaga zinegotzia izan ziren ekitaldian, eta Alberdiren esanetan, "pozgarriena jabetza publikoa izango duen eraikina berreraikitzea izan da, hondoa jota baitzegoen. Eraikina berriro altxatzeak, eta, sarian aitortzen den bezala, "mimoz eta txukun" egin dela onartzeak, harrotasunez betetzen gaitu".

Behin jauregia berrituta eta herritarrei zabalduta, hurrengo pausoan murgilduta dabil udala: "Gure historiaren pasarte bat gure begiradatik jasoko duen proiektu museografikoaren azken txanpan sartuta gaude, bete-betean. Eta amaitzean, gure herriak altxor handi bat izango du", esan du, osatzen dabiltzan Elkano eta mundu birari buruzko museoari buruz.

Getariako Udalak "elkarlanean sinestu duten guztiak eskertu nahi ditu berriz ere", azpimarratu dute prentsa oharrean: "Aldundia, Jaurlaritza eta udal teknikariak eskertu nahi ditugu, eta balioan jarri nahi ditugu berreraikitze-lanak trebetasun eta fintasun handiz gauzatu dituzten enpresak: Iparragirre Eraikuntza Lanak eta Vaumm arkitektura estudioa".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide