Ireki dituzte Zarautz Jauregiko ateak

Mireia Galarza Bastida 2024ko aza. 29a, 19:10

Ate irekiak egunotan egingo badituzte ere, eraikinaren inaugurazio ofiziala hurrengo urtean egingo dute. Izan ere, orduantxe inauguratuko dute Elkanoren mundu biraren espazioa. Biharko eta etziko bisitetan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute Turismo Bulegoan, infoturismo@getaria.eus helbidera idatzita edo 943-14 09 57 telefono zenbakira deituta. Taldeek kopuru mugatua izango dute.

Eraberritze lanak amaituta, gaur arratsaldean ireki dituzte Zarautz Jauregiaren ateak lehendabizikoz herritarrentzat. Bisita gidatuak izan dira Getariako alde zaharrean kokatutako eraikin berrituan, eta horiek egiten jarraituko dute datozen egunetan ere. Bihar 10:00etan, 11:15ean eta 12:30ean egingo dituzte, eta igandean, aldiz, 12:00etan eta 13:00etan.

Ate irekiak egunotan egingo badituzte ere, eraikinaren inaugurazio ofiziala hurrengo urtean egingo dute. Izan ere, orduantxe inauguratuko dute Elkanoren mundu biraren espazioa. "Arkiteknonikoki oso gaizki zegoen espazio bat zen hau, baina Elkanoren mundu biraren urteurrenaren bueltan diru laguntza bat eskuratu ahal izan genuen, eta horrela lortu dugu leku honi orain duen itxura ematea. Dena dela, zentzua hartuko du barrua betetzen hasten garenean, horregatik itxarongo dugu hurrengo urtera arte inauguratzeko", azaldu du Haritz Alberdi Getariako alkatea. Horrez gain, alkateak obran zehar parte hartu duten norbanako eta enpresei eskerrak eman dizkie. Bereziki, gainera, Tonpe guraso elkartearentzat hitz batzuk izan ditu alkateak: "Erakinaren zati bat beraiena zela konturatu ginen, baina beraiek herriari utzi zioten zati hori, egunen batean berreraikiz gero beraien zatia ere berreraikitzeko baldintzarekin. Herriari eman zion espazioa garai batean, eta orain, herriak beraiei itzultzen die", gehitu du alkateak. 

Biharko eta etziko bisitetan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute Turismo Bulegoan, infoturismo@getaria.eus helbidera idatzita edo 943-14 09 57 telefono zenbakira deituta. Taldeek kopuru mugatua izango dute.

Eraikinaren historia eta istorioa

Oraingo eraikineko beheko solairuan dagoen fosoan aurkitu zituzten 2004ko indusketetan Getariako herriko lehen aztarnak. Erromatar garaian koka daiteke herriaren sorrera, ordukoak baitira lehen kokalekuak. Ate irekietan azaldutakoaren arabera, Kale Nagusitik erreka bat igarotzen zen, eta bai Parrokian eta bai Zarautz Jauregian etxola batzuk aurkitzen ziren. Dena dela, horien gainean V. mendeko geruza beltz bat topatu zuten induskariek, sute batek sortua; sutearen arrazoiak, baina, ez zituzten lortu argitzea. Erromatar Inperioaren gainbehera gertatu zen orduan, baina horrek, ordea, ez zuen eragin kokaleku horren desagertzea, "lehen elizako aztarnak" ere topatu baitzituzten bertan. Goi Erdiaroko eliza horrek "garrantzia asko" izan zuela ere azaldu dute ate irekietan: "Garai horretan ere itsasoarekin lotuta zegoen Getariaren ekonomia, eta ustiaketa ekonomia Elizari zegokion". 

Indusketetan bestelako elementuak ere topatu zituztela gehitu dute bisita gidatuko arduradunek, horietan garrantzitsuenak bale hezurrak. 40 pieza aurkitu zituzten guztira, Zarautz jauregian, Elizan eta Kale Nagusian banatuta, eta datatu gabe dauden arren, hipotesi nagusia da XIX. mendekoak direla. Herriaren lehen idatzia XIII. mendekoa dela azaldu dute gidek, eta ordurako jada eraikita zegoela Zarautz Jauregia. "Ez zuen izen hori artean, baina hor zegoen: txikia zen, baina baratza eta lorategia zituen", azaldu dute gidek.

Zarautz izena izen bereko familia batetik etorritakoa da, Zarauzko herritik Getariara lekualdatu zen familia batena, giden esanetan. XV. mendean bereganatu zuten jauregia, eta izen hori jarri zioten, XVII. mendera arte, ordukoak baitira jauregi horretan bizi izan ziren familia horretako azken kideak. Giden hitzetan, orduan egin zituzten handitze lanak. Eliza ere "txiki" geratu omen zitzaien garai horretako getariarrei, eta liskarrak hasi ziren aipatutako familiaren artean. Horregatik dago Elizaren zati bat jauregiaren barruan. Familia horretako azken kideak hil ondoren, jauregiak bestelako erabilerak ere izan dituela azaldu dute gaurko ate irekietan.

(Argazkiak: Onintza Lete Arrieta)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide