Itsasoa eta jakintza platerera

Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre 2025ko eka. 2a, 17:53

Hausnartzeko eta aitortzak egiteko baliatu dute gaur Getarian ospatu duten IV. Euskal Gastronomia Topaketa. Kaia jatetxeko Maria Rosa Larrañaga eta Elkano jatetxeko Mari Jose Artano omendu dituzte, baita Martin Berasategi ere. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere parte hartu du berrehundik gora profesional elkartu dituen topaketan.

Zer litzateke euskal gastronomia itsasorik gabe eta belaunaldien arteko transmisiorik gabe? Bi ideia horiek etengabe izan dituzte ahotan gaur goiz-eguerdi partean Getarian ospatu duten IV. Euskal Gastronomia Topaketan. Basque Culinary Centerren barruko Mantala elkarteak antolatuta, mahai inguruak, omenaldiak eta dastaketak egin dituzte itsasoa ardatz hartuta, aurrena Balentziaga museoan eta ondoren arrantzaleen kofradian, eta erakundeetako ordezkaritza zabalak babestu du egitasmoa, tartean Amaia Barredo Arrantza sailburuak eta Haritz Alberdi Getariako alkateak. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren bisita ere jaso dute eguerdian.

Topaketaren barruko mahai inguruetako batean itsasoaz, historiaz eta gastronomiaz aritu dira Albaola Itsas Kultur Faktoriako buru Xabier Agote eta hango zuzendari Xabier Alberdi, Aitor Arregi Elkano jatetxeko nagusia moderatzaile lanetan dela. Alberdik bi ideia nagusitan laburbildu dio hedabide honi mahai inguruan esandakoa: "Elkarrekin lotutako bi ideia azpimarratuko nituzke: bat, Euskal Herri osoan, gure gastronomia, hau da, elikadurarekin dugun harreman guztia, itsasoarekin lotuta dagoela; eta bi, Euskal Herri hori itsasoaren arabera antolatutako herri bat izan dela orain arte. Itsasoa gu garela ere esan nahiko nuke", aitortu du. Arregik, berriz, topaketen helburua izan du hizpide, eta etorkizunaz zertzeladaren bat eman nahi izan du: "Guretzat garrantzitsuena zen gure jendearekin partekatzea zein garen, eta hori egitea itsasotik begiratuta. Alegia, itsasoa izan garela eta itsasotik gauza asko ekarri ditugula azpimarratzea. Denborak esango digu zer egin behar dugun: Getariako armarrian balea ageri da; gaur egun ez dago balerik, baina izaera hori ez dugu galdu behar. Berriro hausnar dezagun itsas herri bat garela, itsas herritik etorkizun bat sortzeko".

(Argazkiak: Onintza Lete Arrieta, Gorka Eizagirre eta Basque Culinary Center)

Une hunkigarriak

Belaunaldien arteko topaketa ere izan da gaurkoa. Horren lekuko, Gastro Gaztea proiektuko sukaldari gazteek Martin Berasategi sukaldariari egin dioten omenaldia, horrek 50 urte bete dituelako lanbidean. Gazteen lana eta horien kalitatea azpimarratu ditu Berasategik, eta behin baino gehiagotan hunkitu da bere aita zena gogora ekarri duenean.

Topaketa Getarian izan denez, herriko bi jatetxe handitako pilareak ere omendu dituzte: Kaia jatetxeko Maria Rosa Larrañaga eta Elkano jatetxeko Mari Jose Artano –koinatak dira–. Horiek pozik agertu dira jasotako aitortzarekin, hedabide honi kontatu diotenez. "Espero gabeko oparia" izan dela esan dute, "ilusioz" hartzen dela "hainbeste urtetako lanaren ondoren" halako aitortza. Belaunaldi berriek hartua dute lekukoa bi etxeetan, eta "pozik" daude horregatik. "Guk egin dugu egin beharrekoa, eta orain haiei utzi behar zaie", esan dute. Egungo sukaldaritzari dagokionez, "garaian garaiko gauzak" egin behar direla esan dute: "Gazteak gogotsu datozela ikusten da, eta polita da hori", azpimarratu dute.

Biek argi baino argiago dute zein den gastronomia indartsu baten gakoa: "Aurrena, kalitatea", esan dute, irmo.

Berasategi omentzera oholtzara igo diren gazteen artean izan da Larrañagaren biloba bat ere, Aimar Arregi Kaia jatetxeko semea. Gastro Gazteari esker sukaldari gazteek elkarrekin erronkez hausnartzeko aukera dutela esan du, baita komunitate sentimendua indartzekoa ere, eta aurreko belaunaldiek egindako lan guztia goraipatu du. "Gure amona bezalako asko daude sukalde atzeetan honelako aitortzarik jaso ez dutenak eta uste dut azaleratu behar dela; izan ere, gure jatetxean behintzat, amona izan da pilare nagusia".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide