Getariako Euskaraldiaren Batzordeak atzo arratsaldean aurkeztu zuen bere Hamaikakoa. Jendaurreko ekitaldi handi bat izan beharrean, elkarren arteko topaketa xumea egin zuten. Bista Onan egin zuten hitzordua, eta bakoitzak bere burua aurkezpearekin batera, Euskaraldiari begira zer-nolako motibazioa duten partekatzen aritu ziren elkarrizketen bidez.
Ondorengo getariarrek osatzen dute edizio berriko Hamaikakoa: Andreina Mata, Ane Campos, Aitor Arregi, Justo Silbeti, Bikandi, Karmele, Irati Idiakez, Lorena Medina, Manolo Canalejo, Alina, Irina Tichtchenko eta Ben Diame. Batzuk Ahobizi gisa, eta beste batzuk Belarriprest; nahiz eta Getaria herri oso euskalduna den. Atzo, ordea, zazpi izan ziren topaketara azaldu zirenak, eta amaieran, Euskaraldia irudikatzeko hitzekin familia argazkia atera zuten.
Maddi Etxabe Heriz da Getariako Euskaraldiaren dinamizatzailea, eta Hamaikakora begira, talde anitz bat osatu nahi izan dutela zehaztu du, profil ezberdinak batzea. "Egin ditugun elkarrizketak oso politak izan dira, benetan aberasgarria baita bakoitza nondik datorren eta bere testuingurua zein den jakitea", zehaztu zuen. Dinamizatzailearen esanetan, "ikusten da errealitate ezberdinak daudela herrian eta guztiei egin behar zaiela lekua".