Getarian Artzape Euskaltzaleon Plaza sortu baitute, euskararen alde "kaleak astintzeko" asmoarekin. Aurreneko ikasturteari begira, ekitaldi kulturalak aukeratu dituzte, eta aurrenekoa joan den astean egin zuten: Euskaldun ala euskaltzale? taberna-tertulia, Imanol Epelde zarauztarrak gidatuta. "Tabernako tertulien helburua da gai zehatzen inguruan eztabaida sortzea, eta pentsamendu eta eztabaida hori euskaraz izatea, eremu publikoan, gaur egun sozializatzeko eremu garrantzitsuenetakoak diren tabernetan", azaldu dute elkarteko kideek.
Hori horrela, txandaka egingo dituzte taberna-tertuliak eta bakarrizketa saioak. Hurrengo hitzordua otsailaren 23an izango da, igandearekin, 18:30ean hasita, Zarautz jauregian. Kepa Errastik eskainiko du saioa, eta sarrerak gaur jarri dituzte salgai, bost euroan, turismo bulegoan. Emanaldiak edukiera mugatua izango du, 80 pertsonakoa, hain zuzen ere.