Artzape Euskaltzaleon Plaza sortu dute "kaleak astintzeko"

Onintza Lete Arrieta 2025ko urt. 30a, 17:12

Artzape Euskaltzaleon Plaza taldeko kideak. (Utzitakoa)

Getarian euskara indartzeko helburuz, taberna-tertuliak eta bakarrizketak antolatu dituzte maiatza bitarterako. Udazkeneko egitaraua uda ondoren jakinaraziko dute.

Euskararen alde "kaleak astintzeko" talde berria dago eskualdean, Getarian Artzape Euskaltzaleon Plaza sortu baitute. Artzape euskara elkartearen barruko taldea da: elkartearen proiektu indartsuena proiektu komunikatiboa da, eta talde berriak, berriz, "euskararen alde kaleak astintzea eta kontzientzia euskaltzalea sustatzea ditu helburu", kideek azaldu dutenez. Getariako Udalak Euskara Plana osatzeko bilera ireki batzuk egin zituen iaz, eta bilera horietan "horrelako talde bat sortzearen beharra" ikusi zuten.

Kezkatik abiatuta sortu dute taldea, eskualdeko beste herri batzuetan bezala. "Urola Kostako herriak eta Getaria herri euskaldunak dira, baina Getarian, esaterako, kale erabilera zortzi puntu jaitsi da, eta asko da hori. Horrez gain, gaur egun ordu asko pasatzen ditugu pantailei begira, eta hortik jasotzen dugun ia guztia erdaraz da. Hor eragin beharra sentitu dugu". Azken urteetan euskarak irabazi duen tokia galtzeko arriskua ikusi dute, eta horri buelta eman nahi dio taldeak: "Orain arte erosoago geunden, eremuak irabaziz joan garen egoera batean, eta orain arriskua dago irabazitako eremu horiek galtzekoa; horrek eraginda sortu ditugu Getarian nahiz inguruan euskararen alde eragiteko taldeak".

Zuzenean ekintzetara

Taldeak azaro aldera egin zuen aurreneko bilera, eta teoria kontuetan luzatu gabe, berehala jo dute ekintzara, maiatzera arteko egitaraua osatuta. Aurreneko ikasturteari begira, ekitaldi kulturalak aukeratu dituzte, eta aurrenekoa joan den astean egin zuten: Euskaldun ala euskaltzale? taberna-tertulia, Imanol Epelde zarauztarrak gidatuta –Zarauzko Zirika euskara elkarteko kidea da–. Hitzorduak "harrera ona" izan zuela esan dute taldekideek, eta balorazio positiboa egin dute: "Oso emankorra izan zen, hogei pertsona inguru elkartu ginen, eta oso gustura gelditu ginen bai partaide kopuruarekin, bai eztabaidaren mailarekin. Gainera, egitasmo berria da, orain arte Getarian landu ez den formatu bat izan da, akaso jendearentzat ezezaguna, eta alde horretatik, pozik gaude".

Beste herri batzuetan egiten dituzte halako tertuliak, eta Getarian, helburu zehatzarekin antolatu dituzte: "Tabernako tertulien helburua da gai zehatzen inguruan eztabaida sortzea, eta pentsamendu eta eztabaida hori euskaraz izatea, eremu publikoan, gaur egun sozializatzeko eremu garrantzitsuenetakoak diren tabernetan". Gainera, taldekideek azaldu dute, "turismoak eta beste hainbat faktorek eraginda", euskararen gune izatetik urruntzeko arriskuan dauden eremuak direla tabernak, eta horregatik ere hautatu dutela formatu hori ostalaritza guneetara eramatea. "Tabernarien erantzunarekin ere gustura gaude, prestutasun handia erakutsi baitute egitasmoarekiko".

Txandaka egingo dituzte taberna-tertuliak eta bakarrizketa saioak. Hurrengo hitzordua otsailaren 23an izango da, igandearekin, 18:30ean hasita, Zarautz jauregian. Egun horretan, Kepa Errastik eskainiko du bakarrizketa saioa, eta sarrerak laster jarriko dituzte salgai, bost euroan. Oraindik ez dute zehaztu non eskuratu ahal izango diren.

Hilero izango da ekintza bat. Hala, martxoan taberna-tertuliaren txanda izango da, eta hasiera batean martxoaren 26rako hitzartua duten arren, ziurrenez astebete aurreratuko dute, martxoaren 19ra. Tokia zehaztu gabe dute, baina gaia eta gidaria lotuta dituzte: Kuadrilla: babes ala zama? izango dute hizpide, Irati Zubia filosofia irakaslearen laguntzarekin.

Apirilaren 6an Mejillon Tigre kolektiboaren Hitz esana izeneko bakarrizketa saioa izango dute Iturzaeta aretoan, eta azkenik, maiatzaren 14an, bakardadeaz hausnartu eta eztabaidatuko dute, Marta Garcia adituarekin, Itxaspe tabernan.

Uda ondoren jakinaraziko dute udazken-neguko egitaraua. Dena den, finkatutako egitaraua hori izan arren, argi dute "unean-unean sortzen diren beharrei erantzuna emateko" ere izango dela talde berria.

Talde txikia eta anitza

Artzape Euskaltzaleon Plaza talde txikia dela aitortu dute partaideek, alegia, kide gutxi direla, baina era berean, talde anitza osatu dutela uste dute. "Batez ere euskararen inguruko interesa dugun eta gure hizkuntzaren alde eragiteko gogoa dugun jendea batu gara".

Taldea irekia dela azpimarratu dute, eta norbaitek parte hartu nahiko balu, kideekin harremanetan jarri besterik ez duela. "Ekarpen guztiak dira ongietorriak" taldean.

Whatsapp sare sozialean komunitateko taldea ere sortu dute, ekintzen berri emateko, eta azaldu dute bi norabideetarako komunikaziorako balioko duela, bertan ekarpenak egiteko eta kezkak partekatzeko aukera ere egongo baita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide