San Anton menditik argi errenkada ikusi bezain pronto zabaldu da berria: "Badatoz, badatoz!". Suziriaren eztandak ere horixe bera iragarri du. Ohi bezala, hutsik egin gabe, Elkialdeko Errege Magoak Getariara Iritsi dira, 18:30 aldera; laguntzaileek gidatutako suzko antortxekin, astiro zeharkatu dute herrigunea zaldi gainean, goxokiak banatuz.
Hala, portutik Kale Nagusira igo dira Musika Bandaren erritmo serioan, herritar andanaren oihupean eta miresmen artean. Goialdean, errepide nagusia hartuta, Elkanoren monumentuaren kanpoaldean egin dute geldialdia, eta bertan, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Herodesekin elkartu dira.
Pasarte horren ondoren, udaletxeko aterpean atondutako jaiotza bizidunera abiatu dira, Jesus haurtxoa gurtzera. Errege bakoitzak, dagokion opariaz gain, bertso bana abestu dio. Ikuskizuna jarraitu duten haur nahiz helduek biziki gozatu dute arratsalde magikoarekin, eta amaieran Errege Magoekin egoteko eta argazkiak ateratzeko tartea ere izan dute, poltsa goxoki gehiagorekin betetzeko aukera izan duten bitartean.
Aholku batzuk ere eman dizkiete gaur gauerako: oinetakoa txukun -txukun uzteko eta garaiz oherako. Ea bihar goizean gustuko oparia uzten dute hiru lagun hauek!