Luis Goñi eta Ana Vega garaile V. San Anton Biran

Andrea Zipitria - Andoni Elduaien 2024ko uzt. 21a, 13:18

Vegak jokatu diren bost edizioak irabazi ditu; Goñik, berriz, aurrenekoz lortu du irabaztea. Itsasoaren egoerak behartuta, aldatu egin behar izan dute ibilbidea. Guztira, 305 lagunek parte hartu dute gaurko proban.

Luis Goñi astigartarra eta Ana Vega donostiarra nagusitu dira gaur, igandea, Getarian jokatu duten V. San Anton Bira itsasoko igeriketa proban. Goñik 21 minutu eta 28 segundo behar izan ditu zeharkaldia aurrenekoz irabazteko. Vegak, berriz, bosgarrenez irabazi du Getariako zeharkaldia, eta hark 23 minutu eta 55 segundoan amaitu du lana.

Podiumeko postuei erreparatuta, gizonetan, Mikel Iriondo ondarroarra sailkatu da bigarren, eta haren atzetik, hirugarren, Xabier Labaka bergararra. Emakumeetan, bestalde, Adriana Campoy donostiarra izan da bigarrena eta Ziortza Torrontegi ondarroarra hirugarrena.

Getaitri Getariako triatloi taldeak antolatu du proba bosgarrenez, eta hasi aurretik erabakiak hartu beharra egokitu zaie; izan ere, itsasoaren egoerak baldintzatu du proba gaur ere, eta aldaketak egin behar izan dituzte ibilbidean .Hori horrela, Gaztetape eta Malkorbe hondartzak lotuz San Antoni bira eman beharrean, Malkorbeko hondartzaren aurreko uretan osatu behar izan dute igerilariek bidea.

Honako bideo honetan ikus daiteke probak eman duena eta bi irabazleek Gukako kameren aurrean esan dutena. Honako lotura honetan, berriz, sailkapena ikus daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide