San Joan bezpera

Danbor hotsekin alaitu dute Getarian San Joan bezpera

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 24a, 15:49

Larunbat arratsaldetik ibili dira festa giroan murgilduta Balentziaga kaleko bizilagunak, eta gaur gauean amaituko dituzte jaiak.

Ohi bezala, Balentziaga kalearen inguruan bildu ziren getariarrak atzo gauean San Joan bezpera ospatzeko. Danborrada egin zuten iluntzean eguraldi kaskarrari aurre eginez, eta gero, suaren inguruan bildu ziren beste hainbat herri eta auzotan bezala.

Larunbat arratsaldean hasi zituzten jaiak Balentziaga kalean mus txapelketarekin eta zuzeneko musikarekin, eta atzo egun osoko egitarauaz gozatu ahal izan zuten: meza, txokolate jana, buruhandiak...

Dena den, San Joan suarekin ez da amaitzen festarik Getarian. Gaur eguerdian txistorra otartekoak banatu dituzte, eta arratsalde-iluntze parterako ere badute prestatuta egitaraua:

  • 17:30. Niala magoaren ikuskizuna.
  • 19:30. Bertsoak, tabernaren inguruan. Bertsolariak: Libe Goenaga, Danel Olano eta Amets Aizpurua.
  • 20:30. Afaria. Sardinak, postrea eta txotxa.
  • Ondoren, Izerren eta Alabierren eskutik, erromeria.

(Argazkiak: Ane Azkue)

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide