Aitor Arregi sukaldari getariarra Basque Culinary Centerreko patronatuko kide izendatu dute

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 13a, 16:14

Aitor Arregi getariarra. (Basque Culinary Center)

Erakundearen organo gorena urtean bitan biltzen da, eta gaur, bileraren amaieran, iragarri dute Elkano jatetxeko nagusia patronatuko kide berri gisa hasiko dela, "ikuspegi holistikoa indartzeko eta bere esperientziaren bitartez, euskal gastronomiaren ikuspegi berri bat emateko".

Basque Culinary Centerreko patronatuko kide berria da gaurtik aurrera Getariako Elkano jatetxeko Aitor Arregi sukaldaria. Erakunde horren organo gorena urtean bitan biltzen da, eta gaurko bileraren amaieran iragarri dute Arregiren izendapena. "Ikuspegi holistikoa indartzeko eta bere esperientziaren bigartez euskal gastronomiaren ikuspegi berri bat emateko" hartu dute Arregi.

Basque Culinary Centerrek zabaldutako prentsa oharrean, erakundeari eskerrak eman dizkio Arregik: "Basque Culinary Centerri eskerrak eman nahi dizkiot Patronatuko kide izateko aukera honengatik. Eskertzen dut mahai honetan nire jatorria partekatzeko aukera izatea, itsas eta marinel-lurraldea. Espero dut behar bezala deskribatzea bai gure lurraren beharrak, bai bertuteak; hau da, ura eta lurralde horren ezagutza, gure marinelengan pertsonifikatuta. Ondo defendatzea espero dut janzteko aukera ematen didaten kamiseta berri hau. Mila esker, Basque Culinary Center, aukera honengatik".

Erakundeak gogorarazi du Elkano jatetxeak Michelin izar bat daukala eta orain gutxi munduko 50 jatetxe onenen zerrendan 28. postua eskuratu duela.

Arregiren lanaren ezaugarri nagusiak zein diren ere esan dute izendapenaz zabaldu duten oharrean: "Bere lanaren ezaugarri nagusiak ezagutza sakona eta produktuarekiko, pertsonekiko eta ingurunearekiko errespetua dira. Gastronomiaz duen ikuspegia tokiko artisau, arrantzale eta hornitzaileekin duen harreman zuzenean hasten da. Hiru belaunalditan transmititutako balio horiek Elkanon gauzatzen dira, non bikaintasunean eta errespetuan oinarritutako proposamen gastronomikoa eskaintzeko lehengaia ulertzea haien nortasun-ezaugarria baita". Gastronomia erakunde horren ustez, "Arregik begirada bat berri bat emango dio Basque Culinary Centerri".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide