Aurten ere berrogei partaidek jokatuko dute II. Basque Country Cup uretako motoen txapelketa

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 14a, 08:00

Iazko jardunaldi bateko irudia. (Mireia Galarza Bastida)

Bihar, ostirala, hasiko da lehiaketa, 11:00etan. Pilotuek 75 kilometroko ibilbidea egingo dute, Getariatik Elantxobera joan-etorria eginda. Malkorbeko hondartzatik aterako dira partaideak.

Bigarren urtez, Getarian egingo dute uretako motoen Basque Country Cup txapelketa. Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak (EUEMF) antolatu du lehiaketa Euskal Kirol Federazioen Batasunaren (EKFB) eta Euskal Selekzioaren laguntzarekin, eta aurten ere berrogei pilotuk eman dute izena.

Txapelketak iazko eskema bertsua izango du: sei etapa egingo dituzte, hiru egunetan banatuta, eta beti Getariako Malkorbe hondartzatik abiatuta laugarren etapa izan ezik –hori Gorlizko hondartzatik hasiko da–. Guztira 450 kilometro egingo dituzte partaideek.

Aurreneko etapa ostiralean 11:00etan hasiko da, eta 75 kilometro egingo dituzte Getariatik Elantxobera (Bizkaia) joan-etorria eginda. Arratsaldean, berriz, Malkorbe hondartzan bertan zirkuitu itxian ibiliko dira, 40 minutuz, eta 65 kilometro egingo dituzte.

Larunbatean Gorlizera (Bizkaia) egingo dute joan-etorria, eta igandean, berriz, Hondarribira (Gipuzkoa). Sari banaketa igande arratsaldean izango da. Honakoa da II. Basque Country Cup txapelketaren egitarau zehatza:

Gaur, osteguna

  • 11:30. Egiaztapenen hasiera, portuan.
  • 17:30. Egiaztapenen amaiera.
  • 18:30. Ongietorri ekitaldia, dantzariekin. Ondoren, dortsal banaketa eta dastaketa.

Bihar, ostirala

  • 09:30. Pilotuen nahitaezko briefinga.
  • 11:00. Lehenengo etapa: Getaria-Elantxobe-Getaria (75 kilometro).
  • 14:30. Pilotuen nahitaezko briefinga. 
  • 15:30. Bigarren etapa: Malkorbeko hondartzan, zirkuitu itxia edo endurance (65 kilometro).

Etzi, larunbata

  • 09:30. Pilotuen nahitaezko briefinga.
  • 11:00. Hirugarren etapa: Getaria-Gorliz (75 kilometro).
  • 14:30. Pilotuen nahitaezko briefinga. 
  • 15:30. Laugarren etapa: Gorliz-Getaria (75 kilometro). Gorlizko Astondo hondartzan izango da irteera.

Etzidamu, igandea

  • 09:30. Pilotuen nahitaezko briefinga.
  • 11:00. Bosgarren etapa: Getaria-Hondarribia-Getaria (75 kilometro).
  • 14:30. Pilotuen nahitaezko briefinga. 
  • 15:30. Seigarren etapa: Malkorbeko hondartzan, zirkuitu itxia edo endurance (65 kilometro).
  • 17:30. Sari banaketa, ekitaldi amaiera eta Eusko Label produktuen dastaketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide