Eusko Label Ligako hamabigarren jardunaldia jokatu dute gaur Getarian (Gipuzkoa), eta Urdaibaik ligan lortutako hirugarren bandera astindu du. Getariarrek, ordea, herritarren babesean jokatu dute gaurko jardunaldia; izan ere, herritarren beroa sentitu dute estropadaren aurretik. Ehunka getariarrek harrera egin diete Arranplan, herriko plazatik jaitsi den kalejira eta gero. “Ilusioz eta esker oneko” daude bertakoak, herriko trainerua egiten ari den denboraldiagatik eta estropadak etxean jokatzeagatik.