Iritsi da Mater ontzia Getariara. Atzo arratsaldeko 17:00etan sartu zen Getariako portura plastikoak eragiten duen kutsaduraren inguruan hausnarketa eragin nahi duen itsasontzia, eta bertan egongo da larunbatera arte.
Hainbat ekintza egingo dituzte itsasontzia Getarian dagoen bitartean, besteak beste bisitak ontzira, haurrentzako sormen eta birziklatzeko tailerrak, eta zinema saioak. Atzo egin zuten lehen ekintza, Itsas Erraldoien Martxa, hain zuzen.
Mater ontzi museoak itsas zeharkaldia abiatu zuen hilaren 4an Bilboko portutik, eta Hego Euskal Herriko hainbat portutan egingo du geldialdia herritarrak hausnarketara bultzatzeko, tartean Getarian.
Sara Lizartza itsasontziko tripulazioko kideak herritarrak animatu nahi izan ditu egingo dituzten ekintzetan parte hartzera, eta gaineratu du: "Zaborrik onena sortzen ez dena da, eta bide horretan doazen ekintzak antolatu ditugu guk".