Udaletxeko balkoia zuri-gorriz jantzi zen atzo iluntzean Getarian, Bizarzuriren laguntzaile txikiz bete zelako Bizarzuri bera iritsi aurretik. Kantuan aritu ziren herritarren aurrean, eta trikiti doinurik ere ez zen falta izan.
Plaza umez eta herritarrez beteta zela iritsi zen Errege Magoen postaria, traktorean, dotore, laguntzaile txiki mordoarekin, eta udaletxe azpian eseri zen, haurren gutunak banan-banan jaso eta horiei gozokiak emateko. Gutun adina ilusio dosi jasota joan zen herritik beste behin Bizarzuri.
Aldaketa Errege Magoen etorreran
Errege Magoak gaur 18:30ean iritsiko dira herrira, baina eguraldi txarra dela eta, udalak erabaki du ibilbiderik ez dela egongo aurtengoan, eta beraz, ez dira San Anton menditik iritsiko herria zeharkatzeko.
Aurten, Jaiotza Berdura Plazan jarriko dute, eta Errege Magoak ere hara iritsiko dira. Handik, zuzenean, udaletxeko aretora igoko dira, herritarrak agurtzera.