Urtezahar eguna girotzeko aitzakia perfektua

Aritz Mutiozabal 2023ko abe. 31a, 14:25

Herritar ugarik hartu du parte Getariako San Silbestre lasterketan, nahiz eta tarteka euria egin duen. Helduen proban, Iraitz Legorburu izan da lehena gizonezkoetan, eta Irati Larrañaga, berriz, emakumezkoetan.

Hemezortzigarren aldiz, San Silbestre lasterketa egin dute gaur eguerdian herriko kaleetan barrena. Kirolaren bitartez, Urtezahar eguna girotzeko aitzakia perfektua izaten da, eta aurten ere herritar ugarik hartu du parte irabazlerik ez duen eta partaidetza sustatzen duen hitzorduan.

Eguraldia oztopo izango zela zirudien hasiera batean, euria egiten baitzuen, tarteka-marteka ostarteak zabalduz. Baina inor ez da kikildu frontoiko abiapuntuan jartzeko orduan. Lehenik eta behin, lasterketa herrikoia egingo dute, eta haur ugari irten dira, baita hainbat eta hainbat herritar ere, mozorrotuta jai giroan.

Ondoren, ibilbide luzeagoa eginez, helduen txanda izan da. Hemen jada beste abiadura batean osatu dute lasterketa korrikalariek. Bizkorrenak Iraitz Legorburu eta Irati Larrañaga izan dira gizonezkoetan eta emakumezkoetan, baina, esan bezala, Getarian ez dago podiumik, ezta lehen sailkatuentzat sari berezirik ere. Sariak parte hartzaile guztien artean banatu dituzte, ohi bezala, zozketa bidez, eta, gainera, mokadua jateko aukera ere izan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide