Basoko izaki bizidunen konpainian iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi aurten ere Getariara. Hala, Aker-beltz, Basajaun, Mari jainkosa, Tartalo edota Lamia izan dituzte bidelagun, besteak beste. Galtxagorriak ere haiekin ziren, noski.
Bada, Elur eta Tximist Galtxagorriak izan dira, hain justu, aurkezpen lanak egin dituztenak Bista Ona plazan. Bertan egin dute geldialdia Olentzerok eta Mari Domingik gauean opariak banatu aurretik haurrak banan-banan agurtu eta haien gutunak jasotzeko; izan ere, idatzi horietan adierazi diete haurrek zer nahi duten opari. Olentzerok jaso ditu gutunak bere zakuan eta Mari Domingik gaztainak eman dizkie trukean.