Getariako Udalak balorazio ona egin du sanantonez, bereziki aurreko egunetako ekintzez

Onintza Lete Arrieta 2023ko urtarrilaren 19a

Upategi batekoa txakolina zerbitzatzen aurtengo San Anton egunean. (Onintza Lete Arrieta)

San Anton egunetik bi egun igaro dira, eta udalari balorazioa eskatu dio egunkari honek. Oro har, festekin "oso gustura" da Ekaitz Esteban Festa zinegotzia. Txakolin dastaketaz egin du balorazio kaskarrena, baina argi du eguraldi txarrak eta astetartea izateak baldintzatu zutela bertaratutako jende kopurua.

San Anton eguna pasata, balorazioa egiteko unea iritsi zaio Getariako Udalari. Are gehiago, aurten jarduera berriak txertatu dituelako: Gazte Eguna joan den larunbatean, eta haurrentzako herri-kirolak San Anton egunean bertan.

Bi berrikuntzekin "oso gustura" da udala, Ekaitz Esteban Festa zinegotziak egunkari honi azaldu dionez. "Umeek San Anton eguna jai izanda, behar zuten beraientzako moduko ekintzaren bat, eta parte hartzearekin eta ekintzarekin pozik gaude". Gazte Egunaz ere balorazio ona egin du: "Eguraldiak lagundu zuen larunbatean, eta gazte asko elkartu ziren frontoiko karpan bai bazkarian, bai kontzertuetan. Elektrotxorongo herriko elektrotxarangak ere sekulako giroa jarri zuen".

Eguraldiak kalte 


Urtero bezala, aurten ere goi mailako pilota partida eta bertso saioa izan dira sanantonetan, eta horiek "harrera oso ona" izan dutela iritzi dio zinegotziak. "Pilota partida beharbada ez zen izan oso ikusgarria, baina salmentak onak izan ziren", azaldu du. Balentziaga Museoko bertso saioari dagokionez, arrakastatsua izan zela nabarmendu du, 300dik gora zale elkartu baitziren. "Puntako bertsolariak ekarri ditugu, Txapelketa Nagusian aritu direnak, eta txapelketa orain gutxi izan da, gainera. Horrek ere lagundu du", azaldu du. 

Balorazio kaskarrena San Anton eguneko txakolin dastaketarena izan da, "eguraldi txarragatik eta asteguna tokatu delako" beste urteetan baino jende gutxiago ibili baita. Karpa jendez bete zen; ez, ordea, tabernak. Hori bai, jatetxeak bazkalorduan beteta zeudela aitortu du zinegotziak. 

Erlazionatuak

San Anton egunak protagonista asko izan ditu aurtengoan ere

Gorka Eizagirre-Onintza Lete Arrieta 2023 urt 17 Getaria

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide