Hasi dituzte festak Errezilen. Gaur, ostirala, abiatu dituzte sanmartinak han, euskara ikasleek jaurti duten txupinazoarekin. Jaietako lehen egunari gogotsu heldu diote errezildarrek eta gaur hara hurbildu diren inguruetako herritarrek. Txupinazoa eguna ilunduta zela bota badute ere, festa giroa arratsalderako piztu da Errezilen; izan ere, umeen jolasak eta herriko trikitilarien kalejira izan dira aurretik.
Jimena, Isabel, Azucena, Natalia zein Alice euskara ikasleek eta Irati Urdalleta haien irakasleak bota dute jaiei ekiteko suziria, baina aurrez jendaurrean hitz egin dute haiek, hartu duten euskara maila herritarren aurrean proban jarriz: "Mexikotik, Madrildik, Andoaindik, Belgikatik, Ermutik, Portugaldik... gatoz, eta gu ere euskara gara. Atzerritik etorri gara batzuk; Euskal herrian bertan jaioak gara besteak. Euskara ikasten ari gara, euskarak denontzako duelako lekua, baita Euskal Herriak ere: inor ez da ilegala. Denok gauza asko dauzkagu emateko: bai zuek guri, bai guk zuei", esan dute.
Euskara ikasleak dira denak; guztira, zortzi laguneko taldea osatu dute indarrean duten ikasturtean, nahiz eta gaur txupinazoan bost ikaslek parte hartu duten. "Euskara ikasten ari gara, eta euskaraz egin nahi dugu dena: haserretu, zaindu, politikaz hitz egin, barre egin... Laburbilduta, euskaraz bizi nahi dugu", nabarmendu dute. Txupinazoa ikustera hurbildu diren herritarren txaloak piztu ditu aldarri horrek. Hala eta guztiz ere, laguntza ere eskatu dute euskara ikasleek: "Laguntza behar dugu, batetik, erakundeena, guretzat oso garrantzitsua da-eta Euskal Herrian bertan ikasi ahal izatea". Zentzu horretan, eskerrak eman dizkiete Errezilgo Udalari eta AEKri. Era berean, gainerako herritarrei ere zuzendu diete hitza: "Herritarren laguntza ere behar dugu. Arnasgunea da Errezil, euskarari arnasa ematen dion herria, eta horrela izaten jarraitzeko, ezinbestekoa da edonon, edonoiz eta edonori euskaraz egitea. Makalago, eta beharrezkoa bada, behin eta berriz errepikatuta, baina euskaraz egin", nabarmendu du Urdalleta irakasleak.
Aurten, ostiralarekin egin du bat herriko festen lehen egunak. San Martin eguna asteazkenez egokitu bazen ere, etxebizitza eskubidearen alde deitutako greba orokorrarekin egin zuen bat azaroaren 11k, eta horregatik, bi egun beranduago hasi dituzte 2026ko sanmartinak. Euskara ikasleek ere nabarmendu nahi izan dute hori, eta adierazi dute guztiek "bat" egin zutela greba deialdiarekin. "Lurra, etxebizitza, elikadura eta zaintza ezin dira espekulazioaren mende utzi. Bizitza jarri nahi dugu erdigunean, ez kapitala". Festa "parekideak, askotarikoak eta euskaldunak" aldarrikatuta, suziri bana piztu dute eguneko protagonistek. "Izan daitezela festak denonak eta denontzat. Gora euskara, gora AEK eta gora Errezilgo festak", erantsi dute.
Txupinazoaren ondoren, gaztetxoen dantza emanaldiak izan dira frontoiaren atzeko aparkalekuan, eta segidan, Gaztetandik kultur elkarteak eskainitako herri afaria egin dute pilotalekuan. Guztira, 260 lagunek parte hartu dute otordu horretan, eta horietatik 40 izan dira haurrak. Eguna amaitu aurretik, berriz, Iratzar taldearen erromeria hasiko da, eta haien bueltan energia guztia xahutu ez eta gaupasa egingo dutenek argazkia aterako dute, bihar goizaldeko 07:00etan. Errezilgo sanmartinak hasi besterik ez dira egin, bihar, etzi eta hilaren 22an ere izango da zertaz gozatua eta.
Hona hemen Errezilgo sanmartinei lotuta bihar eta etzi izango dira ekintzak:
Azaroak 14, zapatua:
- 14:00. Bertso bazkaria, Letean: Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio bertsolariekin eta Julen eta Erkizi trikitilariekin.
- 16:30. Go!azen telesailaren hamahirugarren denboraldiaren estreinaldia, Borondegin.
- 20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa, Euskal Parrillaren eskutik.
- 23:00. Obaneuke taldearen emanaldia.
Azaroak 15, igandea:
- 11:00. Umeen kros herrikoa.
- Ondoren, kalejira erraldoiekin.
- 17:30. Herri kirol erronka: Asteasu vs Errezil
Azaroak 22, igandea, Jubilatuen Eguna:
- 11:00. Herriko animalien erakusketa.
- 13:00. Meza.
- 14:30. Jubilatuen bazkaria, Borondegin.