Elkarrizketak Errezilgo sanmartinak 2026

Euskararen aldeko suziria

Iraia Oteiza - Urtzi Oteiza

Errezilgo euskara ikasleek eta Irati Urdalleta irakasleak botako dute San Martin jaietako txupinazoa aurten. Ostiralean, 19:00 pasatxoan piztuko dute festa.

Errezilen euskara ikasteko taldea osatzea ez da urtero gertatzen den zerbait. Aurten, ordea, zortzi herritar ari dira euskara eskolak jasotzen herrian bertan, eta euskara ikasteko egiten ari diren ahaleginak aitortza berezia izango du San Martin jaietan; izan ere, euskara ikasleak izango dira jaietako txupinazoa botatzeko arduradunak, Irati Urdalleta irakaslearekin batera.

Aurrez ere osatu izan dira euskara ikasteko taldeak Errezilen, baina urte batzuetan ez da aukerarik egon herrian bertan eskolak jasotzeko. Horren ondorioz, herritarrek Azpeitiko Udal Euskaltegira edo Azkoitiko AEKra jo behar izan dute euskara ikastera. Aurten, ordea, matrikulazioak aukera eman du berriro Errezilen ikasle taldea osatzeko. Ikasturtea hasi eta gutxira iritsi dira sanmartinak, eta festa batzordeak Urdalletari egin zion txupinazoa botatzeko proposamena. "Baiezkoa eman genuen", azaldu du irakasleak.

Ikasleek ilusio handiz hartu dute albistea, eta dagoeneko hasi dira txupinazoaren aurretik esango dituzten hitzak prestatzen. Ostiralean izango da ekitaldia; 19:00etan trikitilarien kalejira egingo dute, eta, horren ostean, Errezilgo euskara ikasleek eta Irati Urdalleta irakasleak botako dute aurtengo San Martin jaietako txupinazoa.

Euskara, herrian bertan

Aurten zortzi ikasle daude matrikulatuta Errezilgo euskara eskoletan, Azkoitiko AEKren gela desplazatuan. Irati Urdalletarentzat, berriz, lehen urtea da irakasle lanetan. Errezilen eskolak emateko proposamena jaso zuenean, baiezkoa eman zuen, eta, horrez gain, Azkoitian eta Aizarnazabalen ere ematen ditu eskolak.

Hilabete inguru darama Errezilen euskara eskolak ematen, eta esperientzia oso positiboa izaten ari dela kontatu du. "Ikasleei ere esaten diet berria naizela eta pazientziarekin hartzeko", dio, barrez. Herriko ikasleak aurrez ezagutzen zituen, eta haiek ere elkar ezagutzen zuten; horrek giro polita sortzen lagundu du ikasgelan. "Beti hitz egiteko eta parte hartzeko prest daude, eta oso pozik nago".

Irati Urdalleta , euskara irakaslea: "Ahalegina egiten ari dira euskararekin, baina herritarren laguntza behar dute"

Ikasle gehienak 40 eta 50 urte artekoak dira, nahiz eta gazteagoren bat ere badagoen. Ez dira, ordea, euskararekin lehen harremana izaten ari diren ikasleak. Batzuk aurrez ibiliak dira euskaltegian, eta besteek ere badute euskararen gutxieneko ezagutza, Errezil herri euskalduna izanik, egunerokoan hizkuntza entzuteko aukera izan baitute.

Kalean ere euskaraz

Ikasleen motibazioaz galdetuta, Urdalletak argi du zein den nagusiena: kalean euskaraz hitz egiteko nahia. "Entzuten dutena ulertu, hizkuntza praktikatu eta beraiek ere euskaraz aritzeko gaitasuna eskuratu nahi dute. Ez dira eskolara etorri azterketa bat gainditzeko ikastera", nabarmendu du irakasleak. Haren ustez, bereziki polita da ikasleak eguneroko bizitzan euskara erabiltzeko helburuarekin klasera joatea. "Niretzat ere askoz motibagarriagoa da modu horretan lan egitea".

Bide horretan, Errezil bezalako herri euskaldun batean bizitzeak abantailak eskaintzen dizkie ikasleei. Kalean euskara entzuten dute, eta egunerokoan praktikatzeko aukera ere badute. Hori ikasgelan ere nabaritzen da: "Hiztegia lantzen ari garenean, askotan esaten didate hitz hori askotan entzun dutela, baina ez zekitela zer esan nahi zuen orain arte". Beraz, belarria eginda edukitzea lagungarria zaie ikasketa prozesuan.

Hala ere, euskaraz bizitzeko aukera izateak ez du esan nahi ikasleentzat beti erraza denik hizkuntza praktikatzeko bidea. Urdalletaren iritziz, Hego Euskal Herrian gaztelaniarekin bakarrik bizitzeko aukera izateak zaildu egiten du euskararen erabilera. Gainera, herritarrek, batzuetan erraztasunagatik edo elkarrizketa arintzeko asmoz, gaztelaniaz egiten diete euskara ikasten ari direnei. Horrek praktikatzeko aukerak murrizten ditu, eta, horregatik, irakasleak pazientzia izateko eta ikasleekin euskaraz hitz egiteko eskatu die herritarrei. "Ahalegina egiten ari dira euskararekin, baina herritarren laguntza ere behar dute".

Euskara eskoletan parte hartzeko interesa dutenei, berriz, animatzeko eskatu die, eskolen ateak zabalik daudela gogorarazita. "Esperientzia oso polita izango da beraientzat".

Euskaraz eta elkarrekin

Aurtengo txupinazoak, jaien hasiera iragartzeaz gain, Errezilen euskara ikasteko eta erabiltzeko ahalegina ere jarriko du agerian. Herrian berriro euskara eskolez gozatzeko aukera izatea eta zortzi herritarrek ikasteko pausoa eman izana ospatzeko modua ere izango da. Ikasleentzat, beraz, jaietako suziria botatzea ez da ardura hutsa izango: orain arte egindako bidearen aitortza ere izango da.

Jaietan herritar guztiek ondo pasatzea espero du Urdalletak, eta, bereziki, "elkarrekin festa euskaldunak bizi ahal izatea".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide