Bukatu dira aurtengo San Antonio jaiak. Festetako laugarren eta azken egunean, goizean bertako ekoizleen eta artisauen azoka egin zuten atzo Goiko Plazan, eta pilotalekuan izan zituzten eguneko beste bi hitzorduak: eguerdian umeen arteko partidak, eta arratsaldean festetako lehen pala txapelketa herrikoiaren bi finalak.
Naroa Aiertzak eta Izaro Zinkunegik jantzi dituzte emakumeen txapelak, eta Aitor Matxainek eta Denis Astigarragak gizonenak; txapeldunordeak, berriz, Irati Urdalleta eta Jone Bastida, eta Mattin Aiertza eta Eñaut Agirre izan dira. Apiril bukaeran hasi zen San Antonio jaietako pala txapelketa herrikoia. Hamabost bikote lehiatu dira guztira, bederatzi gizonen txapelketan, eta sei emakumeenean.
Pala txapelketaren sariak banatuta eta taldeko argazkia aterata agurtu dituzte, horrenbestez, aurten sanantonioak Errezilen.
(Argazkiak: Enara Arozena eta Errezilgo Festa Batzordea)