Gipuzkoako larren irekiera irudikatzeko eguna izan da Maiatzaren 1a Errezilen. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Errezilgo Udalak elkarlanean antolatuta, abeltzainen lanari aitortza egin diote gaur Hernioren magalean. Gaurko egunez, guztira 637 abeltzainek igoko dituzte beren abelburuak lurraldeko mendietako larreetara, eta hori ospatzeko ekitaldia egin dute Zelatunen. Ikusmina sortu du ekitaldiak, eta jaieguna izanik, jende ugari bertaratu da.
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak hartu du hitza, ondoan inguruko herrietako udaletako ordezkariak eta ganaduzaleak zituela. Larren irekiera ospatzen hasi zirenetik badutela ohitura bat kontatu du: "Ganadua pasatu aurretik, erakundeetan gaudenok baserritarrei eta artzainei aitortza egiten diegu, beraiek mendian egiten duten lan hori eskertuz eta horri balioa emanez". Horretarako, manifestu bat irakurri du: "Gizarte honek mendi hauen balioa aitortzen du. Gizarte honek balio hori bertan lan egiten duten abeltzainei esker dela aitortzen du. Guk, erakundeetako ordezkariok, gizarte horren aitortza adierazi nahi dizuegu. Baina izan zirelako garenez eta garelako izango direnez, orain arteko lanbide honek jarraitu egin behar du. Horregatik, gaur egungo abeltzainei eskatu nahi dizuegu mendiko larreen aprobetxamenduarekin eta kudeaketarekin jarrai dezazuela. Erakunde publikoak zuen bidelagun izango garela hitz ematen dugu. Abeltzainok beharrezko zaituztegu larre hauen kudeaketa egokirako, izan bedi zuen ogibiderako tresna, eta zuen lanarekin zaindu itzazue mendi hauek gizarte osoaren gozamenerako".
Hori esanda, mendiko larreetara igotzeko langa irekitzen duen giltza eman dio abeltzain bati; hain zuzen ere, Asteasuko (Gipuzkoa) Arkaitz Etxeberriari. "Mendiko larre hauek gehienbat udalen eta erakundeen eskuetan daude, baina baserritarren eskuetan jartzen dira, haiek kudea ditzaten. Hori irudikatzen du giltza honek. Ateak ireki zaizkie ganaduzaleei abereak mendira igotzeko", esan du Arrutik.
"Arbasoen etxeko sua bizirik"
Etxeberriak artzainen konpromisoa adierazi du, segidan: "Artzainok eta abeltzainok baditugu aldarrikapen batzuk, eta konpsomiso bat adierazi nahi dugu. Gizaldiz gizaldi, gure arbasoek mendi hauetan atera dute bizimodua, lan eginez, mendi hauei daukaten itxura emateko. Belaunaldiz belaunaldi, beren jakinduria, ohitura, izaera, hizkuntza, sentimenduak, gaur arte ekarri dira, katea ez da eten. Gure mendi hauek gure lanbide dira, gure mendi hauek gure bizimodu dira, gure arnasa. Umezurtz gara beraiek gabe. Giltza honekin, mendiko larreetarako langa ireki, eta gure abereak bertara igoko ditugu. Gure lana gure ogibide eginez, zuentzako kutixizko jakiak sortuko ditugu eta larre eremuak denon gozamenerako mantenduko ditugu. Hitz ematen dugu gure arbasoen etxeko sua bizirik mantenduko dugula".
Jarraian, Koldo Arzallus Errezilgo alkateak suziria bota du, larreen irekierari hasiera emanez. Ondoren, hiru artalde, behi batzuk eta behorrak larre batetik bestera igaro dituzte abeltzainek, ganaduaren larreetarako igoera irudikatuz. Jende ugari bertaratu da ekitaldia ikustera.
Hona hemen Zelatunen ateratako argazki batzuk: