Bihar hasiko da Atharratzen (Zuberoa) 24. Korrika, AEK-k antolatutako euskararen aldeko ekimena. 11 egunez Euskal Herrian barrena ibiliko da, eskuz esku lekukoa hamaika herritar eta eragilek lekukoa eramanez, martxoaren 29an bukatuko da Bilbon. Martxoaren 28an, larunbatean, igaroko da Errezildik Korrika, 15:00etan iritsiko da Tolosatik barrena, gero Azpeitirako bidea hartzeko.
Errezilen bat egin dute euskararen aldeko ekimenarekin, eta Korrika herritik igaroko den egunerako nahiz aurrekoetarako egitarau borobila antolatu du Errezilgo Korrika Batzordeak. Astelehenean izan zuten egitarauko lehen hitzordua Borondegin. Hain zuzen, Irati Urdalleta errezildarrak Euskaldunak: etxean arrotz dokumentala aurkeztu zuen eta haren inguruan solasean aritu ziren Borondegin bildutakoak; adin guztietako herritarrak bildu zituen asteleheneko hitzorduak.
Iazko abenduan aurkeztu zuen Euskaldunak: etxean arrotz dokumentala Urdalletak Azpeitian. Kazetari errezildarrak egindako ikus-entzunezkoa da, Azpeitiko Zaparraie euskara elkarteak ekoitzita.
Peto banaketa eta beste ekintzak
Gaur, asteazkena, Korrikako petoak banatuko ditu Errezilgo batzordeak lekukoa eramango dute herritarren eta eragileen artean. 20:00etan izango da hori, Borondegin.
24. Korrikari lotuta Errezilen antolatu dituzten hurrengo ekitaldiak honakoak dira:
- Martxoak 23, astelehena. Euskararen egoera Euskal Herrian eta Errezilen hitzaldia, Iñaki Iurrebasorekin, 19:00etan, Borondegiko aretoan.
- Martxoak 24, asteartea. Korrika Txikia, 15:00etan, eskolan.
- Martxoak 28, larunbata. Korrika Eguna.
* 14:00. Korrikaren zuzeneko emanaldia, Zimitorioan. Kafearekin eta pastekin.
* 15:02. Korrikaren iritsiera herrira, erraldoiekin egingo zaio harrera.
* 19:00. Pintxo potea, Erniopen, Akerran eta Borondegin.
* 22:00. Bingo musikatua, Borondegin. Gaztetxoek dinamizatuko dute.
* Ondoren, Andoni Ollokiegiren kontzertua, Borondegin.