Irati Urdalleta: "Erabaki politikoak daude euskarak bizi duen egoeraren atzean"

Mailo Oiarzabal 2025eko abenduaren 18a

Irati Urdalleta. (Mailo Oiarzabal)

Zapatuan estreinatuko dute Soreasun Euskaldunak: etxean arrotz, Zaparraie euskara taldeak "Azpeitiko euskaldunon zapalkuntzari buruz" ekoitzi duen dokumentala. Urdalletak egin du kazetari lana ikus-entzunezkoan, testigantza eman dutenak elkarrizketatuz.

Euskararen gaineko "ohiko dokumentala" baino, belaunaldi ezberdinetako euskaldunek pairatutako zapalkuntzak jasoko zituen ikus-entzunezkoan kazetari lanak egitea. Erronka hori eskaini zion Azpeitiko Zaparraie euskara taldeak duela urtebete Irati Urdalletari (Errezil, 1997), eta gogotsu eutsi zion proiektuari Berria egunkarian lanean ari den errezildarrak. Atzo Azpeitiko ikastetxeetako ia 300 ikaslerentzat eman ondoren, etzi, abenduaren 20an, estreinatuko dute Soreasu antzokian (17:00) Euskaldunak: etxean arrotz. Kulturaz kooperatibarekin egin du dokumentala Zaparraiek. 

Euskaldunak: etxean arrotz dokumentala estreinatzear zaudete. Zergatik dokumentala eta zergatik orain?

Zaparraie euskara taldekoek hasieratik zehaztu zidaten egin asmo zutenaren ildoa: ez zen euskarari buruzko edo euskararen egoeraren gaineko ohiko dokumentala izango, baizik eta euskaldunok euskaldun izate hutsagatik jasan izan ditugun eta gaur egun jasaten jarraitzen dugun zapalkuntzen ingurukoa, bizipen pertsonaletatik abiatuta. Eskatu zidaten lana Azpeitian ardaztuta egotea, hau da, protagonistak azpeitiarrak, Azpeitian bizi izan direnak edo Azpeitian bizi direnak izatea; herriarekin lotura zuzena dutenak izatea, alegia. Bederatzi lekukotzarekin osatu dugu dokumentala.

"Azpeitiko euskaldunen zapalkuntzari buruzko dokumentala” dela diozue. Zer zapalkuntza dira horiek?

Esan bezala, euskaldunok euskaldun izateagatik jasandako zapalkuntzak jaso nahi izan ditugu. 1950eko hamarkadakoak dira lehen testigantzak, eta gaur egunera artekoak daude jasota; 32 urte dauzka hizlari gazteenak, eta zaharrenak 76. Aipatzen dira euskaraz hitz egiteagatik eskolan jasotako zigorrak, kolpeak, gutxiespenak... Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria nola itxi zuen aipatzen da, eta operazio haren bigarren sarekadan atxilotu zuten azpeitiar batek ere eman du bere testigantza. Beste testigantza batzuetan aipatzen da nola ezin zen euskaraz ikasi...

Euskarak eta euskaldunok zer zapalkuntza jasan izan ditugun jaso nahi izan dugu, eta gaur egun ere oraindik zer gutxiespen jasotzen ditugun, zenbait lekutara euskaraz eginez joaten garenean. Eta, dokumentala Azpeitian ardaztuta egon arren, nahi izan diogu Euskal Herria osotasunean hartzen duen ikuspuntua ematea ere. Hori kontuan izanda, Iruñean jaio zen eta euskara ofiziala ez den leku batean euskalduna izatea zer den azaldu duen pertsona baten testigantza jaso dugu; eta beste bat, Azpeitian bizi izan den baina Nafarroa Beherean ere bizitakoa den eta gaur egun Iruñean bizi den lagun batena. Kontrastea ikusarazi nahi izan dugu, nolabait, Azpeitia bezalako herri euskaldun batean dena irabazita daukagula ematen duen arren, oraindik hobetzeko gauza asko daudela eta zapalkuntza askok dirautela jabetzeko. Jaso duguna Azpeitiko kasua izan da, lagin txiki bat, finean; zapalkuntza orokorra izan da Euskal Herrian, eta orokorra da, orain ere.

Euskaldun izateagatik pairatzen dituzten zapalkuntzen kontzientziarik ba al dute Azpeitiko euskaldunek?

Euskara larrialdian dagoela esaten da, baina nabarmendu behar da hori ez dela ausaz gertatu den zerbait izan, baizik eta urteetan hartu diren eta hartu ez diren erabaki politikoen ondorio dela. Esaten denean jendeak ez duela euskaraz hitz egiten, ados, ardura norbanakoen gainean ere jarri behar da. Baina, aldi berean, erakutsi nahi izan dugu baita ere erabaki politiko batzuk daudela gaur egun euskarak bizi duen egoeraren atzean. Eta hori dena azpeitiarren ahotan jaso dugu. Izan ere, dokumental honekin egin nahi duguna da jendearen kontzientzia piztea.

Hain zuzen, herriko ikasleen aurrean aurkeztu zenuten lana atzo. Aipatzen duzun helburuarekin lotuta, ezta?

Bai. Azpeitiko hiru ikastetxeetako DBH 4tik Batxilergo 2. maila bitarteko 250-300 bat ikasleren aurrean aurkeztu genuen dokumentala. Euskaldunak: etxean arrotz-en jaso ditugun azken bi testigantzak dira lehen aipatu ditudan azken biak, Nafarroako zein Ipar Euskal Herriko errealitatea azaltzen dutenak; baina haiek aipatzen dute baita azpeitiarrek askotan zer joera duten, kanpora irteten direnean lehen hitza gaztelaniaz egiteko, eta zer garrantzitsua den kontzientzia bultzatzea; euskaldun garela esatea, bai, baina euskaldun aktibo eta euskaldun kontziente izateak zer garrantzi daukan.

UEMAk duela gutxi argitaratu duen ikerketan azpimarratu du, gaur egungo bidean jarraituz gero eta ez baldin badago aldaketarik, arnasgunerik gabe geldituko garela 2036rako. Beraz, badakigu Azpeitia bezalako herriek, Azpeitia bezalako arnasguneek, zer garrantzi duten euskararen biziraupenerako. Iruditzen zait oso garrantzitsua dela horren gaineko kontzientzia hartzea, eta euskaldun izatea kontzienteki eta benetan hartzea horren aldeko jarrera, bai gazteek eta bai helduek.

Azpeitiarrak Azpeitiak euskararen biziraupenean izan dezakeen garrantziaz jabetu daitezela, alegia?

Bai. Dena den, Azpeitia oso euskalduna izan arren, gertatzen da Osakidetzara edota epaitegira joandakoan gaztelaniaz hitz egin behar izaten dugula, gaur egun ere ez dagoela bermatuta zenbait zerbitzu euskaraz jaso ahal izatea.

Kontzientzia pizteaz gain, zer mezu helarazi nahi izan duzue dokumentalarekin?

Euskaldunok zer-nolako zapalkuntzak jaso ditugun, nola zigortu gaituzten eta euskaldun izate hutsagatik nola egin diguten eraso erakusten dugu une oro dokumentalean. Baina, aldi berean, herriak antolatzeko erakutsi duen gaitasuna ere erakusten dugu, herri ekimenak euskara sustatzeko eta biziberritzeko eduki duen garrantzia. Adibidez, dokumentalean aipatzen da eskolan nola zigortzen zituzten euskaraz hitz egiteagatik, baina baita nola elkartu zen guraso talde bat ikastola sortzeko, umeei euskaraz ikasteko aukera emateko. Aipatzen da Guardia Zibilak nola itxi zuen Euskaldunon Egunkaria, nola atxilotu zituen zuzendaritzako kideak, baina baita herri ekimenetik nola sortu zen Berria.

Elkarrizketatuetako batek aipatzen du La Milagrosa ikastetxean ikasi zuela eta beti zigortzen zutela, beti gutxiesten zutela euskaraz egiteagatik, eta esaten ziotela gaztelaniaz hitz egin behar zuela, baina berari horrek kontrako efektua eragin ziola: "Gaztelaniaz egin behar dudala esaten didate, ba euskaraz egingo dut", esaten ziola bere buruari. Euskaldun kontzientzia sortu ziola berari, hain justu, eskolako zapalkuntza horrek, eta AEK-ra joaten zela gauetan, alfabetatzera. "Eskolan sentitu nintzen arrotz, eta gau eskolatan, etxeko", esaten du. Iruditzen zait garrantzitsua dela mezu hori ere ematea: erasotu gaituzte, jazarri gaituzte, baina, aldi berean, antolatzeko eta horri aurre egiteko gaitasuna daukagu.

Kontseiluak bultzatuta abenduaren 27an egingo den Pizkundea jaialdiaren ildotik ere badu zerbait, beraz, dokumentalak?

Euskarak beste pizkunde bat behar duela da Kontseilua ematen ari den mezua. Ea dokumental honekin gure aletxoa jartzen dugun. Ea lortzen dugun arnasguneetako herritarrak kontziente izan gaitezen zer zorte daukagun gure hizkuntzan bizi ahal garelako eta, aldi berean, arriskuan gaudela jabetzen garen, eta euskaldun kontziente izan behar dugula, daukaguna ez galtzeko. Baina, hori guztia, ardura osoa nornabakoen gainean ezin dela utzi ahaztu gabe; guk, arnasguneetako bizilagunok zein Euskal Herriko euskaldun oroko euskaraz bizi ahal izateko ardura erakundeek dutela nabarmenduta.

Soreasun jendaurrean aurkeztu ondoren, zer bide egingo du dokumentalak?

Elkarteekin, euskaltegiekin eta bestelako erakundeekin ari gara hitz egiten, prest gaudelako batzuen eta besteen aurrean dokumentala emateko eta aurkezpenak egiteko. Gukan ere jarriko dugu ikusgai, eta Hamaika Telebistan ere bai, seguru asko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide