Martxoaren 8aren harira, zaintzaz hitz egiteko tartea hartu zuten atzo arratsaldean Errezilen. Izan ere, Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitatea osatzen duten Beizamako, Errezilgo, Bidania-Goiazko eta Albizturko udalen eskutik, Errezilgo Eguneko Zentroan elkartu ziren ia hogeita hamar pertsona zaintzaren arloan lan egin dutenek beren bizipenak konta ditzaten. Beren etxeetan zaintza lanetan aritu diren herritarrek zein Errezil eta Bidaniko eguneko zentroetako, etxez etxeko zerbitzuko eta harrera familiako langileek parte hartu zuten mahai inguruan, besteak beste. Haiez gain, Matrakak emakume taldea ere izan zen solasaldian, eta hain zuzen, saioaren amaieran, haiek lore bana oparitu zien Errezilgo eta Bidania-Goiazko eguneko zentroetako langile diren Begoña eta Lourdes Uzkuduni, egindako lanaren eskertze moduan.
Ertz asko jorratu zituzten saioan, eta zaintzaileek egunerokoan egiten duten lana, zeregin hori emakumeen bizkar jartzeak haiei eragin dien zama, eginbehar horien alderdi positiboak edota eguneko zentroen garrantzia mahai gaineratu zuten beren bizipenen bidez.
Otsailak 27an, Uxue Alberdik eskainitako Esne berriketan liburuaren bertso saio literarioarekin hasi zituen Saiazek Martxoaren 8ko ekintzak, eta atzoko saioa izan zen bigarrena. Ostiralean, berriz, Beizamako, Errezilgo, Bidania-Goiazko eta Albizturko emakumeen afaria egingo dute Albiztuko ostatuan, eta igandean, elkarretaratzea izango da Bidania-Goiazko frontoian, 12:30ean. Segidan, pintxo potearekin borobilduko dute Emakumeen Nazioarteko Eguna.
Bestalde, Saiaz mankomunitatearen zaintzaileen testigantzak biltzen dituen honako bideo hau argitaratu dute gaur: