Errezilgo sanmartinak 2025

Sabelak errimekin eta arimak jolasarekin bete dituzte errezildarrek

Maddi Txintxurreta 2025eko azaroaren 8a

Euriak ez ditu apaldu errezildarren festarako gogoak, eta sanmartinen bigarren egunean, 41 lagunek elkarrekin bazkaldu dute Letea jatetxean. Arratsaldeko ekintzak, berriz, haurrei eta gaztetxoei zuzendu zaizkie.

Errezildarrak Letea jatetxean aterpetu dira zapatu eguerdi honetan, eta giro euritsuari errimez lagundutako bazkariarekin eman diote bizkar. 41 herritarrek entsalada, behi saiheskia eta oilaskoa jan bitartean, Nerea Elustondo eta Sebastian Lizaso aritu dira bertsotan. Alta, San Martin festen bigarren eguna dute gaur Errezilen, eta euria eginagatik ere, berdin-berdin alaitu dituzte herriko kaleak bazkalostean.

Helduek baino azkarrago gainditu dute bestondoa haurrek nahiz gaztetxoek, eta festa batzordeak haientzat prestatutako jolasez gozatzeko aukera izan dute arratsaldean. Besteak beste, dantzan aritu dira zimitorioan.

Hala ere, jan-edanerako aitzakia ekarriko du atzera ere iluntzeak. Euskal Parrillaren eskutik, sagardo eta pintxo dastaketa egingo dute frontoian, eta 23:00etatik aurrera Iratzar musika taldea arduratuko da parranda girotzeaz.

Sanmartinek soka luzea ekarriko dute oraindik. Hona hemen hilaren 16ra bitartean prestatu duten egitaraua:

Egitaraua

Bihar, urriak 31, ostirala.

Bihar, igandea.

  • 11:00. Umeen kros herrikoia. Parte hartzeko izena aurrez eman behar da eskolan.
  • Ondoren, kalejira herriko erraldoiekin eta trikitilariekin.
  • 17.30. Herri kirol erronka gurasoak ez gurasoen kontra.

Etzi, astelehena.

  • 16:30. Paintball eta puzgarriak, Inguru Abenturaren eskutik.

Azaroak 11, asteartea. San Martin eguna.

  • 11:00. Meza.
  • Ondoren, kalejira herriko erraldoiekin, musikak girotuta.
  • Segidan, hamaiketakoa Borondegin.
  • 17:00. Aztikeriak ikuskizuna, frontoian.

Azaroak 16, igandea. Jubilatuen Eguna.

  • 14:00. Jubilatuen bazkaria bertsolariekin eta trikitilariekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide