Errezilgo sanmartinak 2025

Euripean eta ezohiko moduan hasi dituzte sanmartinak Errezilen

Nerea Uranga 2025eko azaroaren 8a

Udaletxea obretan izanda, atarian bota dituzte Zelatungo bordetako ordezkariek sanmartinak hasteko suziriak. Igande arratsaldera arte hainbat ekintza izango dira Errezilgo festetan.

Atzo arratsaldeko zazpietan hasi zituzten San Martin jaiak Errezilen. Euria gogoz ari zuela bota behar izan zuten txupinazoa Zelatungo Antonioren bordako Maria Jesus Etxeberriak eta Agirretxe bordako Iñaki Irulegik. Gainera, ezohiko moduan, udaletxeko balkoitik beharrean, kaletik bota zuten txupinazoa. Horren arrazoia, udaletxe barruko obrak dira. 

Festa Batzordeko hainbat kide, Koldo Arzallus alkatea, Izaro Zinkunegi zinegotzia eta herritar batzuk bildu ziren txupinazora, eta udaletxearen aterpearen babesean egon ziren Zelatungo bordetakoei txaloka. Etxeberriak eta Irulegik bertan bildutako guztiei eskerrak eman zizkien, baita Festa Batzordeko kideei ere.

Txupinazoaren ondoren gaztetxoen dantzaldia izan zen Dantzalekuan eta herri afaria frontoian, Akerra elkarteak eskainita. 200 lagunetik gora elkartu ziren afaltzeko.

Sanmartinek segida izango dute, hona egitaraua:

Gaur, larunbata.

  • 14:00. Bertso bazkaria, Letea jatetxean. Nerea elustondo eta Sebastian Lizaso bertsolariekin, eta Erkizi eta Julen Labaka trikitilariekin.
  • 16:30. Ume jolasak.
  • 20:00. Sagardo eta pintxo dastaketa, Euskal Parrillaren eskutik.
  • 23:00. Iratzar musika taldea.

Bihar, igandea.

  • 11:00. Umeen kros herrikoia. Parte hartzeko izena aurrez eman behar da eskolan.
  • Ondoren, kalejira herriko erraldoiekin eta trikitilariekin.
  • 17.30. Herri kirol erronka gurasoak ez gurasoen kontra.

Azaroak 10, astelehena.

  • 16:30. Paintball eta puzgarriak, Inguru Abenturaren eskutik.

Azaroak 11, asteartea. San Martin eguna.

  • 11:00. Meza.
  • Ondoren, kalejira herriko erraldoiekin, musikak girotuta.
  • Segidan, hamaiketakoa Borondegin.
  • 17:00. Aztikeriak ikuskizuna, frontoian.

Azaroak 16, igandea. Jubilatuen Eguna.

  • 14:00. Jubilatuen bazkaria bertsolariekin eta trikitilariekin.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide