II. Motor Asteburuak ehunka autozaleren topaleku bilakatu du asteburuan Errezil. Larunbat arratsaldean dozenaka lagun bertaratu ziren industrialdean prestatu zuten zirkuitura, carcrossek eta autoek eman zuten ikuskizunaz gozatzera. Jarraian, sari banaketa egin zuten frontoian eta Rally Afaria Letea jatetxean. Horren ondoren, Gabezin taldearekin erromeria izan zen frontoian eta hura bukatzean, Ibar DJa arduratu zen festa luzatzeko musika jartzeaz.
Ostegunean ekin zioten Ardatz Motorsport kirol klubak antolatutako egitarauari bi hitzaldirekin, eta ostiraleko plan herrikoia eta gero, larunbatean izan zuten egun handia. Goizean auto erakusketa eta Klik Rallya egin zituzten, eta San Martin herri eskolako jolastokian muntatu zuten Mini GP zirkuituan ibiltzeko aukera izan zuten umeek eta gaztetxoek.
Antolatzaileak "oso gustura" daude asteburuak eman duenarekin, jende asko ibili dela eta, batez ere larunbatean. "Ostiralerako prestatu genuen plan herrikoiak izan zuen arrakastarik txikiena, baino ezin gara kexatu, asteburuan gauza asko egon baitira eta gehienetan jende askok parte hartu baitu".
(Argazkiak eta bideoa: Ardatz Motosport)