Jendetsu hasi dute Motor Asteburuko egun nagusia Errezilen

Aitziber Arzallus 2025ko urr. 25a, 15:25

Auto erakusketak bertako zein bisitari ugari erakarri ditu Errezilera goizean, baita eskolako jolastokian haurrentzat eta gaztetxoentzat muntatu duten GP Zirkuituak ere. Arratsalderako eta iluntzerako ere hainbat hitzordu dituzte autozaleek; besteak beste, Lokatzez Blai, Rally Afaria eta erromeria. 

II. Motor Asteburuaren hirugarren eta azken eguna dute gaurkoa Errezilen –ostegunean ekin zioten bi hitzaldirekin–, eta goizean goizetik jende ugari bertaratu da herrira, Ardatz Motorsport kirol elkarteak antolatutako jarduerek erakarrita. 10:00etan hasita, auto erakusketa egin dute lehendabizi, eta 11:00etan Klik Rallyari ekin diote dozenaka auto gidarik. Antolatzaileek agindutako eskualdeko bost puntutan argazki bana ateratzea izan da haien lana, baina ahalik eta kilometro gutxien eginda. Arratsaldean esango dute nor izan den irabazlea. 

Ordu berean hasita –11:00etan–, San Martin herri eskolako jolastokian prestatu duten Mini GP zirkuituan ibiltzeko aukera izan dute, berriz, haurrek eta gaztetxoek, eta asko izan dira animatu direnak. Bizikleta gainean oztopo zirkuitu bat gainditzea izan da haien lana, eta baita goiza pasatzeko aitzakia polita ere. 

Horiek izan dira goizerako antolatuta zituztenak, baina gaurkoak emango du gehiagorako. Izan ere, 14:30ean hasita, Lokatzez Blai erakustaldia eta txapelketa egiten ari dira Errezilgo industrialdean. Agirretxe Rally taldeak antolatutako saioa 18:30ak aldera bukatzea aurreikusten dute, eta ondoren, sari banaketa egingo dute frontoian. Batetik, Lokatzez Blaiko onenak sarituko dituzte; eta bestetik, argazki rallykoak. Gainera, Klik Rallyan parte hartu dutenek bost argazkietako bat aukeratu eta erakusketa jarriko dute frontoian, eta herritarrek gehien gustatzen zaiena aukeratu ahal izango dute. Horrenbestez, herritarrek aukeratutako argazkiaren egileak ere saria jasoko du. 

Hortik aurrera, festa giroak hartuko du herria. Aurrena, 20:00etan hasita, Rally Afaria egingo dute Letea jatetxean, eta ondoren, 23:00etatik aurrera, Gabezin taldearekin erromeria izango da frontoian. Gabezinek bere saioa bukatzen duenean, remember musika jarriko dute, eta horren laguntzaz, festa goizaldera arte luzatzeko aukera izango dute han dabiltzanek.

Gaurko egitaraua

  • 14:30. Lokatzez Blai, Agirretxe Rally taldearen eskutik, industrialdean.
  • 18:30. Sari banaketak, frontoian. Lokatzez Blaiko sariak, argazki rallykoak eta argazki lehiaketakoak banatuko dituzte.
  • 20:00. Rally afaria, Letea jatetxean. 
  • 23:00. Gabezin taldea, frontoian.
  • Ondoren, remember musika goizaldera arte.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide