Autozaleek hutsik egin ezinezko hitzordua dute asteburuan Errezilen. Izan ere, Ardatz Motorsport elkarteak II. Motor Asteburua antolatu du, adin guztietako herritarrei zuzendutako jarduerekin, eta berrikuntzak izango direla aurreratu du Gurutz Agirretxe elkarteko presidenteak.
Ostegun arratsaldean ekingo diote egitarauari, Bizi zaitez bizi izenburupean San Martin herri eskolan emango duten hitzaldiarekin. LH-1etik gorako ikasleei zuzendutako ekintza izango dela adierazi du Agirretxek, eta haien gurasoak ere gonbidatuta daudela. "Joan den urtean eskola orduetatik kanpo antolatu genuen ekintza hori, baina aurten, udalarekin eta eskolarekin hitz eginda, eskola orduetan egitea adostu dugu". Udalaren ordezkari bat eta Agirretxe bera joango dira eskolara, eta arretaz gidatzearen garrantziaz ariko dira gaztetxoekin. "Errepidean nola ibili behar den eta egoki ez ibiltzeak zer ondorio izan ditzakeen azalduko diegu batetik, eta abiadura gustatzen zaienek zer aukera dituzten, bestetik". Errepidean dauden arriskuez umetatik kontzientzia sortzen hastea garrantzitsutzat jo du Ardatzen arduradunak, "are gehiago herrian azken hamarkadetan istripu larriak izan direla jakinda".
Osteguneko bigarren hitzordua Borondegin izango dute, 19:00etatik aurrera. Lehenengo, II. Motor Asteburua aurkeztuko dute, eta Ardatz Motorsport elkartearen inguruko azalpenak ere emango dituzte. "Elkartea joan den urtean sortu genuen, eta denbora honetan izan duen bilakaera zein izan den eta etorkizunerako zer asmo eta proiektu ditugun azalduko diegu herritarrei", esan du Agirretxek. Ondoren, Aitzol Apalantza pilotu errezildarrak eta Iñaki Alberdi pilotu azpeitiarrak hartuko dute hitza, beren ibilbideaz jarduteko. "Iñakik bizitza guztia darama auto lasterketetan, eta Aitzolek ere hamabost-hogei urteko ibilbidea badu, orain pilotu eta lehen kopilotu; beraz, biek ala biek badute zer kontatua", Agirretxeren arabera.
Ostiralerako, berriz, "plan herrikoia" prestatu dute. "19:30ean hasita, triki poteoa egingo dugu herriko bi elkarteetan, tabernan eta txosnan, eta gero, pintxo afaria egingo dugu frontoian, txotxarekin". Girotzeko, auto batzuk eramango dituztela aurreratu du Ardatzeko presidenteak, eta behin sabela beteta, musika pixka bat jarriko dutela afalostea apur bat luzatzeko.
"Egun handia", larunbata
Asteburuko egun handia, baina, larunbata izango dute. 10:00etan ekingo diote egunari Goiko Plazan egingo duten auto erakusketarekin. 30 bat autorekin, kupoa beteta dutela esan du Agirretxek; kirol autoak eta auto klasikoak izango dira erakutsiko dituztenak. Ondoren, 11:00etan hasita, Klik Rallya egingo dute Urola eskualdean barrena. "Parte hartzaileei eskualdeko bost puntutan argazkiak ateratzeko eskatuko diegu, eta haien egitekoa izango da denbora tarte batean bost argazki horiek ateratzea ahalik eta kilometro gutxien eginda. Abiadurarekin eta kilometroak egiteko joerarekin lotzen gaituzte normalean, baina, kasu honetan behintzat, ahalik eta ibilbide motzena egin beharko dute, eta denbora aldetik nahikoa izango dute".
Erakusketan parte hartuko duten horietako zenbaitek argazki rallyan parte hartuko dutela esan du, eta beste zenbait argazki rallyan parte hartzera bakarrik joango direla. "Edozein autorekin parte har liteke Klik Rallyan, irekia da, baina parte hartzaile gehien-gehienak asteburuetan ibiltzeko auto bereziak dituztenak izaten dira". Argazki rallyan parte hartu nahi dutenek, aurrez eman dezakete izena, edo bestela, egunean bertan ere egongo da horretarako aukera.
Ordu berean, 11:00etan hain zuzen, eskolako jolastokian jarriko duten Mini GP zirkuituan ibiltzeko aukera izango dute haurrek eta gaztetxoek.
Arratsaldeko lehen ordurako, 15:00etarako, Lokatzez Blai antolatu du Agirretxe Rally taldeak. Erakustaldia izango da, eta txapelketa ere bai, Errezilgo industrialdean. Gero, 18:00etan, banatuko dituzte sariak frontoian. "Bi modalitatetan ariko dira Lokatzez Blain parte hartuko dutenak, batzuk car crossekin eta besteak autoekin, eta modalitate bakoitzean sari bana emango dugu". Beste bi sari ere banatuko dituzte, ordea, frontoian egingo duten ekitaldian. "Hor esango dugu zein den Klik Rallyaren irabazlea, eta baita argazki lehiaketako irabazlea ere". Izan ere, argazki rallyan parte hartzen dutenek eskualdean barrena ateratako argazki horietatik bat aukeratu beharko dute, eta argazki guztiekin erakusketa jarriko dute pilotalekuan. Ondoren, herritarrak izango dira horietatik gehiena zein gustatzen zaien esan beharko dutenak, eta herritarren saria jasoko du argazkilarietako batek.
Hortik aurrera, festa giroak hartuko du herria. Aurrena, 20:00etan hasita, Rally Afaria egingo dute Letea jatetxean, eta ondoren, 23:00etatik aurrera, Gabezin taldearekin erromeria izango da frontoian. Gabezinek bere saioa bukatzen duenean, remember musika jarriko dute, eta horren laguntzaz, festa goizaldera arte luzatzeko aukera izango dute han dabiltzanek.
Afaritarako txartelak
Ostiralean frontoian egingo duten pintxo afarira joan nahi dutenek, han bertan erosi beharko dute txartela, 15 euro ordainduta. Aldiz, larunbatean Letea jatetxean egingo duten afarira joan nahi dutenek, aurrez erosi beharko dute txartela. Horiek dagoeneko eskuragai daude Letean bertan eta Azpeitiko Mendizabal jatetxean, eta 33 euro balio ditu txartel bakoitzak.
Egitaraua, osorik
Urriak 23, osteguna
- 15:00. Hitzaldia: Bizi zaitez bizi. Haur eta gazteentzat, eta haien gurasoentzat, eskolako gimnasioan.
- 19:00. Asteburuaren eta Ardatz Motorsporten aurkezpena, eta ondoren, Aitzol Apalantza eta Iñaki Alberdi pilotuekin solasaldia, Borondegin.
Urriak 24, ostirala
- 19:30. Triki poteoa, Erkizia eta Azkonita trikitilariekin.
- 21:00. Pintxo afaria, frontoian. Sarrera 15 euro; egunean bertan erosi ahalko dira, frontoian.
Urriak 25, larunbata
- 10:00. Auto erakusketa, Goiko plazan.
- 11:00. Klik rallya, Urolan barrena.
- 11:00. Mini GP, haur eta gaztetxoentzat.
- 14:30. Lokatzez Blai, Agirretxe Rally taldearen eskutik, industrialdean.
- 18:30. Sari banaketak, frontoian. Lokatzez Blaiko sariak, argazki rallykoak eta argazki lehiaketakoak banatuko dituzte.
- 20:00. Rally afaria, Letea jatetxean. Sarrerak 33 euro; salgai daude Letea eta Mendizabal jatetxeetan.
- 23:00. Gabezin taldea, frontoian.
- Ondoren, remember musika goizaldera arte.