Bi hitzaldirekin ekin diote II. Motor Asteburuari Errezilen

Aitziber Arzallus 2025ko urr. 24a, 14:37

Bizi zaitez bizi izenburupean, Gurutz Agirretxe Ardatz Motorsport ekartearen arduraduna eta Nekane Zinkunegi udal ordezkaria San Martin herri eskolan gaztetxoekin solasean aritu dira, eta ondoren, asteburuko egitaraua herritarrei aurkeztu ostean, Aitzol Apalantza eta Iñaki Alberdi pilotuak izan dira euren ibilbideaz hizketan aritu direnak Borondegin. Gaurko "plan herrikoia" prestatu dute asteburuaren antolatzaileek, eta bihar izango dute egun handia. 

Atzo arratsaldean hasi ziren Errezilen Ardatz Motorsport kirol elkarteak antolatu duen II. Motor Asteburuko ekintzekin. Gurutz Agirretxe elkartearen arduraduna eta Nekane Zinkunegi udal ordezkaria San Martin herri eskolan izan ziren LH-1etik gorako gaztetxoekin eta haien guraso batzuekin. Bizi zaitez bizi izenburupean eman zuten hitzaldian, errepidean argi eta tentuz ibiltzearen garrantziaz jardun zuten, abiadura handiegian eta arretarik gabe ibiltzeak izan ditzaketen arriskuez ohartarazi zituzten entzuleak, eta ondoren, lasterketetako auto bat bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten umeek, baita haren barrura sartzekoa ere. 

Eguneko bigarren hitzordua, berriz, 19:00etan Borondegin zuten jarria. Alde batetik, bihar iluntzera arteko egitaraua herritarren aurrean aurkeztu zuten Ardatz Motorsport taldeko kideek, eta bestetik, Aitzol Apalantza pilotu errezildarrarekin eta Iñaki Alberdi azpeitiarrarekin solasean aritu ziren kirol klubeko kideak zein bertaratu ziren dozenaka herritarrak. 

Hitza hartzen aurrena, Agirretxe izan zen. Asteburuaren nondik norakoak azaldu zituen hark. Besteak beste, bihar goizean eskolako jolastokian haurrentzat eta gaztetxoentzat muntatzekoak diren Mini GP jarduera frontoira lekualdatzeko aukera dagoela esan zuen, eguraldiak baldintzatuko duela hori, baina batean ez bada bestean, ekintza egin egingo dute. Bihar iluntzean Letea jatetxekoak egitekoak diren Rally Afarirako 50 bat txartel gelditzen direla ere jakinarazi zuen, eta animatze direnek Letean bertan eskuratu beharko dutela txartela. 

Errezilgo lasterketa berreskuratzeko nahia

Jarraian, Mikel Labaka Ardatz Motorsporteko kideak hartu zuen hitza, datorren urtera begirako asmo bat iragartzeko. Hark esandakoaren arabera, Errezilgo auto lasterketa berreskuratu nahian dabiltza, hori dute ametsa, eta oraindik ziurtatu ezin duten arren, lanerako gogoz daude eta ahalegin horretan jarraituko dute. 

Ondoren, Apalantzaren eta Alberdiren txanda etorri zen. Agirretxek gidatutako solasaldian, autoekiko zaletasuna nondik datorkien, lasterketetan nola hasi ziren, denborak eta teknologiak gauzak nola aldatu dituzten, lasterketarik gustukoenak zein dituzten, euren ibilbideko unerik gozoenak zein izan diren eta beste hamaika kontu azaldu zituzten Borondegin bildutako herritarren aurrean, eta solasaldia janzteko, bi pilotuak lanean ageri ziren bideoak ere bota zituzten.

Bihar iluntzera arteko egitaraua

Atzo hasitako asteburuari gaur eta bihar emango diote jarraipena. Gaurko "plan herrikoia" prestatu dute, biharko egun handiaren bezperan. 

Hona hemen gaurko eta biharko egitaraua oso-osorik: 

Gaur, ostirala

  • 19:30. Triki poteoa, Erkizia eta Azkonita trikitilariekin.
  • 21:00. Pintxo afaria, frontoian. Sarrera 15 euro; egunean bertan erosi ahalko dira, frontoian.

Bihar, larunbata

  • 10:00. Auto erakusketa, Goiko plazan.
  • 11:00. Klik rallya, Urolan barrena.
  • 11:00. Mini GP, haur eta gaztetxoentzat.
  • 14:30. Lokatzez Blai, Agirretxe Rally taldearen eskutik, industrialdean.
  • 18:30. Sari banaketak, frontoian. Lokatzez Blaiko sariak, argazki rallykoak eta argazki lehiaketakoak banatuko dituzte.
  • 20:00. Rally afaria, Letea jatetxean. Sarrerak 33 euro; salgai daude Letea eta Mendizabal jatetxeetan.
  • 23:00. Gabezin taldea, frontoian.
  • Ondoren, remember musika goizaldera arte.

(Argazkiak: Ardatz Motosport eta Aitziber Arzallus)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide