Erraldoiak protagonista direla hasi dituzte sanantonioak Errezilen

Nerea Uranga eta Urtzi Oteiza 2025ko eka. 13a, 12:48

Gaur, San Antonio egunez, hasi dituzte ofizialki sanantonioak Errezilen. Sagarra eta Akerra Errezilgo erraldoiak kaleratu dituzte San Martin herri eskolako ikasleek, eta trikiti doinuan kalejiran eraman dituzte San Antonio baselizara. Han txupinazoa bota eta hamaiketakoa egin dute.

Sargori dela hasi dituzte sanantonioak Errezilen. Atzoko pintxo potea eta gero, gaur bota dute festetako txupinazoa. Gaurko protagonistak Sagarra eta Akerra erraldoiak izan dira, eta haiekin egin dute kalejira San Martin herri eskolatik San Antonio baselizaraino Itzeder eta Lidia trikitilarien doinuan. Bi erraldoiak Uraitz Arzallusek eta Amets Aiertzak garraiatu dituzte eskolatik baselizara. Behin meza bukatutakoan, herritar guztiak baselizaren inguruan bildu eta txupinazoa bota dute herriko gaztetxoek.

Ondoren, Festa Batzordeak prestatutako hamaiketakoaz gozatzeko aukera izan dute han bildutakoek, eta erromeria izan da Lidia eta Itzeder trikitilariekin.

Igandera arte festek ez dute etenik izango Errezilen.

Egitaraua:

- Gaur, ostirala. San Antonio eguna.

  • 18:30. Ikasturte bukaerako trikiti jaialdia.
  • 20:00. Gaztetxoen dantza emanaldia.
  • 21:30. Herri afaria, Erniope elkartearen eskutik.
  • Ondoren, erromeria Itzal taldearekin.

- Bihar, larunbata.

  • 07:00. Gaupaseroen argazkia.
  • 14:00. Bertso bazkaria, Letea jatetxean. Nerea Ibarzabal eta Sebastian Lizaso bertsolariek eta Erkizu eta Julen Labaka trikitilariek girotuta.
  • 17:00. Haurrentzako jolasak.
  • 20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa.
  • 23:00. Erromeria, Iratzar taldearekin.

- Etzi, igandea.

  • 12:00. Haurren pilota partidak, frontoian.
  • 14:00. Zahagi ardoa.
  • 15:30. Haurrentzako hondar eskulturen tailerra.
  • 18:30. Herri kirol erakustaldia: Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a ariko dira aizkoran. Harri jasotzen Jon Unanue Goenatxo III.a, Aimar Irigoien, Udane Ostolaza eta Olaia Esnaola harri jasotzaileak.
Erlazionatuak

Akerra eta Sagarra, festara

Aitziber Arzallus (Gipuzkoako Hitza) eka 13 Errezil

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide