Plazara eta apustuetara itzultzeko modurik ez du, momentuz, Xabier Orbegozo Arria V.ak. Joan den urtearen hondarrean, atzo zortzi, desafioa bota zuen errezildarrak: 2022an iragarri zuen erretiroa hautsita, Latasak eta Arruizko Txikiak 1962an jokatu zuten apustuaren lan berean neurtzeko aurkari bila zebilela iragarri zuen eta hitzordua jarri zuen atzorako, Errege bezperarako, Tolosako Kantabriko tabernan (Gipuzkoa). Eta aurkari bat agertu, agertu zitzaion, baina apusturik itxi gabe bukatu zituzten hartu-emanak.
Hain zuzen ere, Joxean Etxeberria nafarra agertu zen atzo Arriak Tolosan jarritako hitzordura, baina ezin izan ziren ados jarri, eta data izan zen balizko akordiorako oztopo nagusia. 5.000-6.000 euro mahai gainean jarrita, 45 ontzako hamar enbor ebakitzeko eta korrika hamar kilometro egiteko proposamenarekin aurkeztu zen Errezilgo aizkolari beteranoa atzo Tolosara; apustua Tolosan bertan edo Azpeitian jokatzea aukeran jarrita, desafioa martxo bukaeran gauzatzea eta egurrak berak jartzea dira Arriaren beste baldintzak. Etxeberriak, bere aldetik, Arriak proposatutakoare gainean bi aldaketa jarri zituen mahai gainean: aizkora lanak gehitzea eta apustuaren data atzeratzea –martxoan bertan beste apustu bat du itxita nafarrak, Jokin Urretabizkaia Basozabal-ekin–. Enbor gehiago mozteko arazorik ez lukeela izango adierazi zuen bukaeran errezildarrak, baina hasieran proposatutako datari eutsi nahi dio, eta Etxeberriak uko egin dio horri.
Horrenbestez, momentuz behintzat, aurkaririk ez du Arria V.ak hiru urte eta gero plazara itzultzeko. 2022ko apirilean Otañorekin Azpeitian jokatu eta galdu zuenaren ondoren esan zuen Errezilgoak apustuak alde batera utziko zituela, baina plazetara bueltatzeko asmoari eutsi dio orain.